Mendia

Ibilaldian, lohi artean gustura

Maider Betelu Ganboa 2025ko mai. 5a, 08:30

Kuadrilla gaztea, Uharte Arakilgo hornidura gunean salda beroa hartuta, San Miguelera abiatzeko prest.

Euriari, haizeari eta lokatzari aurre eginez, 1.044 mendizaleek hartu zuten parte Irurtzungo Iratxo elkarteak antolatutako 36. Sakanako Ibilaldian. Ez zen aparteko arazorik egon. Aurten Paris 365 jantoki soziala lagunduko du Iratxok

Eguraldi iragarpenak ez zuen huts egin. Sakanako Ibilaldiaren bezperan bero handia egin zuen, baina arratsalderako ekaitza lehertu zen eta euri asko egin zuen, hurrengo egunean segida izan zuenak. Hala ere, mendizaleak ez ziren kikildu. Guztira 1.175 pertsona zeuden aurretik izena emanda mendi martxan, 364 Ibilaldi Luzean, 546 Ibilaldi Motzean eta 265 Ibilaldi Txikian, eta azkenean 1.044 mendizalek hartu zuten irteera. Nahiz eta eguraldia petrala izan, soilik 131 baja izan ziren eta 1.44 mendizalek osatu zuten Irurtzungo Iratxok mimo handiz prestatutako ibilbidea, ia tarte gehienean euria bidaide izan zutela.

Beriaingo azken igoera kendu zuten; Uharteko Atakatik behera gidatu zituzten mendizaleak

Gehienek, 484k, Ibilaldi Motza hautatu zuten (25,5 km, 1.440 m desnibela). Irurtzundik Itxasperrira jo zuten, Madotz, Latasa eta Ergako Trinitatea osatzeko. Ibilaldi Luzeari (54 km, 3.388 m desnibela) 320 mendizalek ekin zioten. Txurregitik Beriain aldera jo zuten, baina eguraldi kaxkarrarengatik antolakuntzak Uharte Arakilgo Atakatik behera bidali zituen mendizaleak, Beriaingo azken igoera ekidinez. "Eskerrak. Haizeak gogor jotzen zuen, eta hotz handia zegoen" zioten Uharte Arakilgo hornidura gunean salda beroa hartzen ari ziren mendizaleek. Segidan, San Miguel santutegira igo, Latasara heldu eta Ergako Trinitatea osatu zuten. Erga ardatz zuen Ibilbide Txikia 240 mendizalek egin zuten, gehienek haurrekin, familian. 

Paris 365 jantokiaren alde
Hiru ibilbideek Latasan egin zuten bat. Mendizaleek ibilbidea "oso lokaztuta" zegoela nabarmendu zuten. Zenbat eta mendizale gehiago pasa, okerrera egin zuen ibilbideak. Nolanahi ere, euriari eta lohiari aurpegi ona jarri zieten, eta egun polita izaten ari zela nabarmendu zuten guztiek, txikienek baita ere. 

Zorionez, ez zen aparteko arazorik egon eta kontentu zeuden Iratxoko antolatzaileak. Aurten, Paris 365 jantoki soziala lagunduko dute. Izena emate bakoitzeko 2 euro bertara bideratuko dira, eta maiatzaren 10erako afari solidarioa antolatu dute; jaki eta diru laguntza bilketa egingo dute bertan.