Areto futbola

Osasuna Magna Xota, helburua lortzera

Guaixe 2025ko mai. 8a, 11:30

Anaitasunan entrenamendu saio gogorrak egiten ari da Xota. XOTA

Anaitasunan Illes Balears Palma Futsal mendean hartzen badu, talde irurtzundarra play-offetara sailkatuko da

UEFA Futsal Champions Leagueko geldialdia eta gero, bueltan da lehen mailako areto futboleko liga. Osasuna Magna Xotak, hain zuzen ere, Champions Leagueko txapelduna, Illes Balears Palma Futsal taldea hartuko du maiatzaren 9an, ostirala, 19:30ean Anaitasunan. Talde berdeak ohorezko pasilloa egingo dio aldi berean lehen mailako liderra den Palma Futsali. 

Halako arerioa izanda, Miguel Hernandezek ez dute partida erraza aurretik, baina Xota ez da kikilduko eta hiru puntuak lortzera aterako da, saria ederra baita: lehen mailako ligako tituluaren borrokan, play-offetan sartzea. Ligako lehen zortzi taldeek jokatuko dute play-offa, eta ligako bi jardunaldiren faltan Osasuna Magna Xota zortzigarren da (38 puntu). Palma Futsalen kontra irabaziko balu, automatikoki lortuko luke play-offetan egotea. Bestela, azken jardunaldiak erabakiko luke. 

Talde irurtzundarrak zaleei babesa eskatu die, Juninho jokalariak berriki azaldu duen moduan, “etxean jokatzen dugunean, ezberdintasuna nabaritzen delako”. Talde berdea Palma Futsal hartzeko “oso gogotsu” dago. Hala azaldu du Ion Cerviño irurtzundarrak. “Egiten ari garena hobetzeko jarrera positiboarekin gaude, eta Europako txapeldunari harrera egiteko oso gogotsu”.