Pozarren daude Irurtzunen. Osasuna Magna Xotak 6-4 hartu zuen mendean aurreko astean Europako Areto Futboleko hirugarrenez Championsa irabazi zuen Islas Baleares Palma Futsal Taldea. Anaitasuna gotorleku sendoa izan zen talde irurtzundarrarendako, eta festa ederra ospatu zuten bertan bildutako 2.178 zaleek.
Xotak lehen zati ikusgarria egin zuen, eta 4-0 aurreratu ziren, hasiera zoragarriari esker. Ion Cerviñok zulatu zuen lehenengoz Palmakoen atea, eta atzetik Korsun (2) eta Juninhoren golak iritsi ziren. Atsedenaldia baino lehen 4-1 hurbildu zen Palma. Bigarren zatian hozka egitera atera zen Palma Futsal, baina ongi eutsi zuen Xotak. Bigarren gola sartu zuten Palmakoek, baina Xotak erasoan jarraitu zuen eta Dani Saldiseren pasea ongi aprobetxatuta berdeen bosgarren gola sartu zuen Roberto Martilek. 5-2 aurreratu zen Xota, eta horrek airea eman zion. Partida bukatzeko 5 minuturen faltan atezain-jokalari formula erabili zuen Palma Futsalek. 5-3 hurbiltzea lortu zuten, baina Ion Cerviño adi egon zen, baloi bat errekuperatu zuen eta Xotaren seigarren gola sartu zuen. Palmak ez zuen etsi eta laugarren golarekin 6-4 hurbildu zen, baina partida despeditu zen eta Xotak garaipen garrantzitsua ospatu zuen etxean.
Izan ere, garaipen honi esker eta gainontzeko taldeen emaitzei esker, Osasuna Magna Xotak ligako titulua erabakitzeko play-offetan sailkatzea lortu du. Ligan lehen zortzi postuetan sailkatutako taldeek jokatzen dituzte play-offak, eta talde irurtzundarrak, liga despeditzeko jardunaldi baten faltan, play-off postua ziurtatzea lortu du. Egun, Servigroup Peñiscola taldea da liderra (61 puntu), eta Osasuna Magna Xota zortzigarren da (41 puntu). Bederatzigarren den Industrias Santa Colomak 37 puntu ditu, eta, hortaz, Xotarendako ez dago arriskurik.
Garaipenak zoramena piztu zuen Anaitasunan. “Partida ikusgarria egin dugu, lehen zati ikusgarria. Egun oso polita izan da. Taldea oso motibatuta dago, hobetzeko gogoz, eta play-offak pastelaren ginga dira. Oso pozik gaude” nabarmendu zuen Miguel Hernandez entrenatzaileak.
Ligako azkena, El Pozoren kontra
Asteburu honetan atseden jardunaldia du lehen mailako ligak. Ligako azken jardunaldia, 30.a, maiatzaren laugarren asteburuan jokatuko da. Osasuna Magna Xotak sailkapenean seigarren den El Pozo Murcia izango du aurkari, Murtzian.
Izenen dantza
Liga bukatzear den honetan, taldean jarraituko dutenen eta ez dutenen izen dantza hasi da. Osasuna Magna Xotak datorren denboraldirako talderako jokalari ezinbestekoa den Juninho, Xotan 2018 urtetik dagoena, galdutzat ematen du, Letoniako ligako Riga taldea bere klausula (20.000 euro) ordaintzeko prest baitago. Bestalde, jakina da ere Tony Escribano Manzanares taldera joango dela. Beste baja garrantzitsu bat Roberto Martil kapitainarena da, irurtzundarrak areto futbola utziko baitu.
Zurrumurruen artean dago baita ere Xotak Barça Atletic taldeko Arbert Ortas Net jokalariaren kontratua lotuta omen duela.