Igerilekurako langileak behar ditu udalak

Guaixe 2025eko maiatzaren 16a

Irurtzungo igerilekuak. ARTXIBOA

Sorosleak eta mantentze lanak eginen dituzten zortzi pertsona kontratatuko ditu. Gainera, tabernaren kudeaketa emateko deialdia egin du.

Irurtzungo Udala igerileku denboraldia behar bezala prestatzeko langileak kontratatzeko deialdia egin du. Alde batetik, lau sorosle behar ditu. Haiei eskatzen zaie 18 urte beteak izatea, edo bestela 16tik gora badituzte gurasoen baimena izatea, euskarazko ahozko B2 maila, ur sorosle titulua eta desfibriladoreen erabilera ikastaroa egin izanaren frogagiria. Garagartzaroaren 12tik irailaren 14ra lan eginen dute. Lanaldiari dagokionez, hiru egunez jarraian lan eginen dute eta laugarrenean jai izanen dute. Hiru txandatan ariko dira: goizekoa, arratsaldekoa eta zatitua. 

Bestalde, igerilekuen mantentze lanez arduratuko diren lau pertsona ere kontratatu nahi ditu Irurtzungo Udalak. Beraien egitekoa izanen da instalazioen garbiketa, kontrola, zainketa eta arreta publikoa. Haiei euskarazko ahozko B2 maila eskatzen die. Garagartzaroaren 9tik irailaren 14ra ariko dira lanean, eta sorosleen pareko lanaldia izanen dute. 

Deialdietan interesa dutenek eskaerak udaletxean edo udalaren egoitza elektronikoan aurkeztu beharko dituzte maiatzaren 21eko 14:00ak baino lehen. Eskabide ereduak eta deialdien oinarriak irurtzun.eus webgunean daude. 

Azkenik, Irurtzungo Udalak igerilekuko taberna udan kudeatzeko deialdia egin du. Interesa duenak kontratuaren baldintza udaletxean eska ditzake. Eskaintzak aurkezteko epea garagartzaroaren 2an despedituko da.