Igerileku sasoia prest Irurtzunen

Guaixe 2025eko maiatzaren 26a

Igerilekurako bidean. ARTXIBOA

Garagartzaroaren 13tik irailaren 14ra zabalik egonen dira igerilekuak.

Bonua eskuratzeko epea zabaldu du eta, beraz, Irurtzungo Udalak prest du aurtengo igerileku sasoia. Udalak jakinarazi duenez, tarifetan aldaketak egonen dira. "Igerilekuak pertsona guztiendako irisgarriagoak izan daitezen, familia bonuak bertan behera utzi dira. Tarifa 21 euro murriztu da 5 eta 14 urte bitarteko haurrendako. Erabaki horrekin haur guztiek igerilekuaz gozatzeko aukera izatea da gure asmoa, herrian udan aisialdirako eta gizarteratzeko leku nagusia baita". 

Tarifetan izan diren beste aldaketak dira: 18 eta 65 urte bitarteko pertsonendako tarifa bi euro igo da eta 66 urtetik gorakoendako tarifa 35 eurokoa izanen da, Nafarroako Arartekoaren bidez aurkeztutako  erreklamazio bati erantzunez. Bestalde, Irurtzungo Udalak hobariak ezarri ditu langabeendako, errenta bermatua jasotzen dutenendako edo bizitzeko gutxieneko diru sarrera dutenendako. 

Igerilekuko sasoiko bonua edo txartela ordainketa helbideratuta dutenei garagarrilaren 6an kobratuko die udalak. Igerilekuak helbideratuta ez dituzten erabiltzaileek dagokien ordainketa-abisua jasoko dute etxean. Ordainketa helbideratu nahi dutenek kontu korrontearen zenbakia eman beharko dute udaletxean, irurtzun@irurtzun.eus posta elektronikoko helbidean edo udalaren egoitza elektronikoaren bidez eskaera bidaliz. Helbideratu nahi ez dutenek Irurtzungo edozein banku edo kutxatan ordaindu ahal izango dute, udalaren kontuan edo udal bulegoetan txartelaren bidez. Bankuaren gordekinak eta karneta igerilekuetara sartzeko frogagiri gisa balioko dute. Informazio gehiago nahi izanez gero, udal bulegoetara jo edo irurtzun.eus webgunera jo daiteke. 

Tarifak

0-4 urte: 0 euro.
5-14 urte: 35 euro.
15-17 urte: 67 euro.
18-65 urte: 91 euro.
66 urtetik aurrera: 35 euro.