Areto futbola

Palma Futsal, Osasuna Magna Xotaren arerioa play-offetan

Guaixe 2025eko maiatzaren 26a

Osasuna Magna Xotakoek gustura ospatu zuten ligako azken partidako garaipena. XOTA

Talde berdea, ligako azken jardunaldian El Pozo mendean hartu eta gero, ligan zazpigarren sailkatu da eta bigarren sailkatu den Palma Futsal izango du arerio play-offetan

Osasuna Magna Xotak bikain itxi du 2024/2025 denboraldia. Lehen mailako 30. eta azken jardunaldian Murtzian jokatu zuen talde irurtzundarrak, El Pozo Murciaren kontra, eta garaipen ederra lortu zuten jokalari berdeek (3-4). Horri esker, ligako zortzigarren postutik zazpigarrenera igo zen Xota (44 puntu), eta zazpigarrenetik zortzigarrenera jaitsi zen El Pozo (42 puntu), play-offetako aurkarietan eragin zuzena izan duena. Xotak sailkapenean bigarren sailkatu den Islas Baleares Palma Futsal izango du aurkari ligako titulua erabakitzeko play-offetan. 

Osasuna Magna Xotaren eta El Pozo Murciaren kontrako ligako azken partida oso borrokatua izan zen. Bizi-bizi hasi zen partida, erritmo handiarekin. Dani Saldisek mustu zuen markagailua, 2. minutuan, baina hurrengo jokaldian bana berdindu zuen El Pozok. Gol aukera gehiago sortu zituen Xotak, baina El Pozo izan zen 2-1 aurreratu zena. Hala ere, presionatzen jarraitu zuen Xotak, eta Dani Saldisek berdinketaren gola lortu zuen 14. minutuan. Bi taldeek erasoan jarraitu zuen eta El Pozok hirugarrena sartu zuen; baina atsedenaldia baino lehen hiruna berdindu zuten berdeek, Josu Mendivek Pachuk errekuperatutako baloia El Pozoren sareetan sartu eta gero. 

Bigarren zatian presionatzen jarraitu zuen Osasuna Magna Xotak. Ion Cerviño irurtzundarrak 3-4 aurreratu zuen Xota, corner batean. Bi taldeek aukera gehiago sortu zituzten, baina markagailua ez zen gehiago mugitu eta irurtzundarrek 3 puntuak ekarri zituzten, denboraldi ederra garaipenarekin borobilduz. 

Miguel Hernandez entrenatzailea pozik zegoen. “Partida zaila zen, baina ongi atera zaigu eta oso pozik gaude. Orain play-offetako partida prestatzen hasiko gara buru belarri. Ligako tituluagatik borrokatuko dugu, ilusioz eta anbizioz”. 

Palma Futsal, play-offetako arerio
Servigroup Peñiscola izan da ligako liderra (64 puntu). Atzetik sailkatu dira Islas Baleares Palma Futsal (62 puntu), Barça (62 puntu), Movistar Inter (59 puntu), Jimbee Cartagena (51 puntu), Jaen Paraiso Interior (44 puntu), Osasuna Magna Xota (44 puntu) eta El Pozo Murcia (42 puntu). Eta hain zuzen ere aipatu zortzi talde hauek jokatuko dituzte ligako titulua erabakitzeko play-offak. 

Play-offetako final laurdenetan, Peñiscolak (1.) El Pozo Murcia (8.) izango du aurkari, Palma Futsalek (2.), Osasuna Magna Xota (7.), Barçak (3.) Jaen Paraiso Interior (6.) eta Movistar Interrek (4.) Cartagena (5.). 

Kanporaketak oso berdinduak izango direla aurreikusten da. Joaneko partidak maiatzaren 29an jokatuko dira, eta itzulikoak ekainaren 1ean. Xotak joanekoa maiatzaren 29an 19:30ean jokatuko du, Mallorcan, eta itzulerakoa ekainaren 1ean, 12:00etan, Anaitasunan. Berdinduz gero, hirugarren partida ekainaren 4an jokatuko litzateke, sailkapenean hobekien klasifikatuta dagoen taldearen etxean, hau da, Mallorcan.