Kulturen Arteko 3. Elkartasun Zikloaren barruan, Palestinarekiko elkartasuna ehuntzen ekimena hartu zuen Irurtzungo plazak ostiral arratsaldean. Makina bat herritar elkartu ziren eta guztien artean Palestinaren aldeko oihal erraldoia ehundu zuten. Palestinaren banderaren kolore txuri, gorri, berde eta beltzek hainbat oihal zati batu zituzten horretarako. Plazatik pasa zirenek, gainera, jatorri arabiarreko emakumezko irurtzundarrek egindako pintxoak dastatzeko aukera zuten, edo gogoko duten txapa egitekoa ere. Yala Nafarroa Palestinarekin ekimeneko bi kideri aurreskua ere dantzatu zieten.