Irurtzungo Udalak lau proiektu aurkeztu ditu Nafarroako Gobernuak 2026-2028 aldiko Toki Inbertsioen Planean onartuak izateko esperantzarekin. Alde batetik, igerilekuak berritzeko bigarren fasea egin nahiko luke udalak bi urte barru, 2027an. Aurreikusitako lanek 673.220,64 euroko (BEZik gabe) aurrekontua dute. Jakina denez, Irurtzungo igerileku denboraldia ezohikoa izan zen joan zen urtean. Izan ere, kirol eta aisialdi azpiegitura berritzeko lanen lehen faseko lanak egin ziren eta igerileku sasoia beranduago hasi zen. Igerileku handia, olinpikoa, eraldatu zuten lan haiek 900.000 euroko aurrekontua izan zuten eta Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza 160.000 eurokoa izan zen.
Igerilekuko bigarren faseaz aparte, Irurtzungo Udalak Inasarena zen bulego eraikineko teilatua konpontzeko dirulaguntza eskaera ere egin du. Gaur egun eraikina Dinabideren egoitza da, Sakanako Garapen Agentziak kudeatzen duen eraldaketa digitalerako espazioa. Eraikinaren teilatua berritzeko lanaren aurrekontua 188.787,63 eurokoa (BEZik gabe) da.
Bi lan horietarako finantziazioa eskatzearekin batera, bi kaleetako zoruak berritu nahi lituzke Irurtzungo Udalak. Alde batetik, herria eta Akaborro industrialdea bereizten dituen kaleko zorua berritu nahi du. Lan horretarako 145.048,80 euroko (BEZik gabe) inbertsioa aurreikusi du Irurtzungo Udalak. Eta, bestetik, Erga kalean, autokarabana gunetik aurreneko etxetarainoko tartean, zorua berritzeko dirulaguntza eskaera ere egin du udalak. Lan horretarako 169.341,76 euro (BEZik gabe) aurrekontua aurreikusi du udalak.