Roberto Martil

"Xotak bizitza eman dit, areto futbolaz bizitzeko aukera. Dena. Oso eskertuta nago"

Maider Betelu Ganboa 2025ko eka. 5a, 13:40

Roberto Martilek etxekoekin eta etxean esan zuen agur. Xotako presidente Tatono Arregik kamiseta oparitu zion. XOTA

Roberto Martil Fernandez kapitain irurtzundarrak areto futbola gorenean utzi du, Xotak ligako tituluko play-offak jokatu eta gero

Gorenean, ligako tituluagatik borrokan, utzi dio Xotako jokalari izateari Roberto Martil Fernandez kapitainak (1987-02-24, Irurtzun). Oso eskertuta eta pozik doa Martil, ametsa bete duelako.

Bizitza eskaini diozu Xotari. 6-7 urterekin hasi zinen areto futbolean, baina aldi berean karatean trebatzen zinen, aitarekin. 
Gure aita, Luis Martil, karate irakaslea zen. Yolanda ahizpa eta biok zortea genuen, bi kiroletan aritzen ginelako. 16-17 urterekin kirol bat aukeratu behar izan nuen eta areto futbolaren alde egin nuen, pena pixka batekin, karatea ere oso gustuko nuelako. Aitari pena ematen zion eta hasieran haserrealdi batzuk izan genituen, baina ulertu zuen. 

Ulertu, eta animatu, zure zale fidelenetako bat delako. 
Nire lehendabiziko jarraitzailea da. Beti egon da nire alboan, animatzen, ongi gaudenean eta gaizki gaudenean. Eta beti errespetu handiz, oso lasai. Niretako aita eredu oso ona izan da. 

Karateak sustatzen dituen baloreak praktikan jartzen dituelako: errespetua, guztiaren gainetik. 
Hori da. Batzuetan jendea harmailetan oso sutsu egoten da, bere onetik aterata, baina aita beti hor goian egoten da, ixilik, ni babesten. Orain aita naiz, eta alabekin nola jokatu behar dudan ikusteko eredu ederra da aita. 

15 urte zenituela talde nagusiarekin entrenatzeko deitu zizun Imanol Arregi entrenatzaileak. Zer sentitu zenuen?
Poza, urduritasuna... emozio asko batera. Oso gaztea nintzen eta ez nuen espero, bigarren taldean jende oso ona zegoelako. Eseverri, Afranio eta halako jokalari handiekin entrenatzea sekulako poza izan zen, baina oso urduri nengoen. 

2005ean debutatu zenuen Xota talde nagusiarekin, Azkar Lugoren kontra. Gogoan duzu?
Partida berezia izan zen, beti egongo da nire buruan. Xotak baja asko zituenez, astean zehar bagenekien jokatuko genuela, bai nik eta Joseba Lazkano leitzarrak baita ere. Urduri nengoen, baina kantxara aterata urduritasun horiek arintzen joaten dira. Gol bat sartuta aurretik jarri ginen, irabazten. Garai haietan ez ziren horrenbeste argazki ateratzen eta pena da, ez dudalako oroigarririk.

2006/2007an Xotak utzita Playas de Saloun jokatu zenuen, eta 2007an Lizarrako Zalatamborren. Han zeundela, Xotaren baja bat betetzeko deitu zizun Imanolek. 2007tik Xotatik ez zara mugitu eta ezinbesteko jokalaria izan zara. 20 urte, zein da zure lehendabiziko sentsazioa atzera begiratzen duzunean?
Poza eta harrotasuna. 20 urte dira, urte asko, gauza onak, txarrak... denetatik. Poza eta alaitasuna, batetik, baina negar egin dugu baita ere. Nire zaletasuna nire bizimodua egin dut, eta gainera etxean. Eta hori niretako oso garrantzitsua da. Urtero kanpotik jendea etortzen da Xotara, bere herrialdetik ateratzen dira, eta hori zaila da, familia urruti duzulako. Nik hemen egin dut nire kirol ibilbidea, etxean, eta horrekin geratzen naiz. 

2008ko kopa, 2010eko play-offetako finala, 2017ko Errege kopako finala... Titulurik lortu ez izanaren arantza duzu?
Ez. Badakigu Xota zer den, zer garen. Gurea klub txikia da, ez da talde handi horietako bat, Barça, Inter, El Pozo eta halakoak bezala. Hala ere, tituluak lortzetik oso gertu egon gara, eta ni horrekin geratzen naiz. Niretako txapeldunak izan gara, bi final jokatu ditugulako, eta talde askok ezin dute hori esan. 2010ean ligako tituluko play-offetako finala jokatu genuen, eta 2017an errege kopako finala. Guadalajarara horrenbeste zale joatea, denak berdez jantzita... hori buruan geratzen da iltzatuta, ez da ahazten. Finala galdu genuen, eta hasieran triste geunden, baina Javi Eseverrik esan zuen sekulako txapelketa jokatu genuela, eta ospatu beharra genuela. Eta gure familia eta lagunekin parranda ederra egin genuen. Asko gozatu dugu, eta horrekin geratu beharra dago. 

Eseverri kapitain mitikoaren lekukoa hartu zenuen, eta ezinbesteko figura izan zara klubean. Imanol Arregi entrenatzaile ohiaz, zer esan. Klub honetako beste handi bat da.
Imanol nire kirol aita izan da. Nirekin konfiantza handia izan du, bai txikia nintzenean, eta baita handitu nintzenean ere, ardura eman zidalako. Gaur egun ere, entrenatzaile gisa laguntzen dit. Beti egon da nire alboan eta ziur beti egongo dela. Edozein zalantza izanez gero, deituko diot, ziur. Oso gertu bizi gara, gainera. Imanol gabe ziurrenik ni ez nintzen honaino iritsiko. 

Japoniatik bueltan da. Duen curriculuma izanda, talderen batean lekua egingo du. 
Baietz espero dugu. Klub bateko presidente banintz, nik ez nuke zalantzarik izango bera fitxatzeko. Ez dakigu noiz, baina ziurrenik talderen bat izango du zain. 

Miguel Hernandezek hartu zuen bere tokia Xotan, baina taldearen filosofia ez zen asko aldatu, Miguel Imanolen bigarrena zelako eta bide beretik jarraitu zuelako. 
Klubaren ideia hori zen, taldeak bide beretik jarraitzea, eta Miguelekin lortu dute. Miguel Imanolekin urte pila egon zen lanean, eta antzekoa egiten dugu, ideia berritu batzuekin baina filosofia berberarekin. Hori, klub honendako, oso garrantzitsua da.

2023an lesio larria izan zenuen eta bigarren entrenatzaile hasi zinen Miguelekin. Zer moduzko esperientzia da?
Oso ona. Lesionatua nengoela, nire buruarendako primerakoa izan zen emandako aukera, taldetik gertu nengoelako, jokalariekin, bidaietan... Migueli asko eskertuko diot beti, erabakiak hartzen utzi zidalako, gainera. Asko ikasi dut, eta taldeak ikusi du ni arlo horretan ere garrantzitsua naizela. Beste ate bat ireki zait, eta ea gehiago ikasi eta taldeari laguntzea lortzen dudan. 

"20 urte asko dira. Harrotasuna eta poz handia sentitzen dut atzera begiratzerakoan"

Lesioa gaindituta taldera itzuli zinen, baina martxoaren 26an azaldu zenuen aurten, 38 urterekin, areto futbola jokalari gisa utziko duzula. Noiz hartu zenuen erabakia?
Udan taldera bueltatzea erabaki nuen, baina, aldi berean, nire buruan argi nuen aurtengoa azken denboraldia izango zela. 

Nola konturatzen zara horretaz?
Ez dakit nola azaldu; azkenean, konturatzen zara. Gorputzak eta buruak eskatzen dizute, nolabait. Jokalari izateaz gain, bigarren entrenatzaile jarraitzen dut, eta sentitzen nuen nire lekua jada ez dela jokatzen jarraitzea. Gainera, taldea oso ongi dago, gazteak oso ongi ari dira, eta uste dut orain euren txanda dela. Psikologoak esaten zidan sasoitsu sentituz gero, jokatzen jarraituko nuela pentsatu beharra nuela, baina nire buruak jada klik egin du. Lesioa izan ez banu edo bigarren entrenatzailea ez banintz ziurrenik beste urteren bat segiko nuke, baina taldea beste modu batean lagundu nahi dudala sentitzen dut. Irailean, denboraldi berria hasten denean, ziur inbidia pasako dudala, baina orain pozik eta lasai nago. Klubean laguntzen segiko dut, modu batean edo bestean. 

Irurtzun aukeratu zenuen erabakiaren berri emateko. Ekitaldi xumea bezain hunkigarria izan zen kultur etxekoa. Bildutakoei eskerrak eman zenizkien: kluba, taldekideak, Imanol eta Miguel entrenatzaileak, familia, Eseverri... Erabakia azaltzerakoan lasaitua hartu zenuen?
Albistea askatu nuenean, lasaiago geratu nintzen. Osasuna futbol klubak ekitaldia Sadarren egitea eskaini zidan, eta eskertzekoa da, baina herrian izatea nahi nuen, nire jendearekin, eta alde horretatik kultur etxeko ekitaldia nahi nuen bezalakoa izan zen. Nik ez nuen prentsaurreko bat eman nahi nitaz hitz egiteko; nire jendeari buruz hitz egin nahi nuen, eta euren laguntza eskertu. Oso pozik geratu nintzen. Oso polita izan zen. 

Irurtzungo agur ekitaldian 20 urte hauek zoragarriak izan direla esan zenuen, amets bat bete zenuela. 
Bai, bere garaian ametsa bete nuen eta orain berriz bete dugu, play-offak jokatu ditugulako. 

Irurtzungo talde bat lehen mailan 27 urte jarraian egotea ez dakit nahikoa baloratzen ote dugun. Gaur egun lau jokalari irurtzundar zarete titularrak, Asier Llamas, Dani Saldise, Ion Cerviño eta zu zeu, eta tarteka Oier Aguirre iturmendiarrak jokatzen du zuekin. Harrigarria da.
Ez dugu nahikoa baloratzen, beti diot. Normaltzat dugu Xota lehen mailan egotea eta harrobitik lehen mailako jokalariak ateratzea, baina horrek meritu handia du. Jubeniletan eta kadeteetan sakandar asko daude Xotan. Bestalde, Uharte Arakilen Aralar Mendi dago, Arbizu eta Altsasu; gora doaz eta ea elkarri laguntzen diogun, ildo horretan sakondu nahiko nuke. Sakanan harrotasun handia izan behar dugu. 

Emakumezkoen Xota lehen senior mailako taldea da zure beste talde kuttuna. Urte asko daramatzazu taldea entrenatzen.
Hamaika urte, eta zoragarria da. Beraietaz harro nago. Beti esaten dute nik asko lagundu diedala, baina beraiek ere asko lagundu naute. Eta aurrera segiko dugu. Ribera Navarraren kontrako derbian sekulako omenaldia egin zidaten. Oraindik ere urduritzen naiz gogoratzerakoan. Oso eskertuta nago.

Yolanda kapitaina zure arreba da. Biok 8 zenbakia daramazue.
Nire arreba nire eredua izan da beti. Lehen mailako Orvinara iritsi zen, eta bere ibilbidea jarraitu dut beti. Noainen bizi da eta alaba gurasoekin uzten du Xotarekin entrenatzera etortzeko. Ahalegin handia egiten du. 

Omenaldiak bata bestearen atzetik izan dituzu. Horren maitatua sentitzea ikaragarria izan beharko da.
Egia esan, ez nuen espero horrenbestekoa izango zenik. Omenaldi asko, erreportaje asko... Oso eskertuta nago, jendea oso ongi ari delako portatzen nirekin.

Zer eman dizu Xotak?
Bizitza eman dit, areto futbolaz bizitzeko aukera. Dena. Jende asko eta kultura ezberdinak ezagutzea, betirako gelditzen direnak. 

Imanolek bere agurrean esan zuen bezala, zu ere berdea, behin betiko?
Bai, betirako. Irurtzungoak berdeak izaten jaiotzen gara. Txikia nintzela aitak Xotaren partidetara eramaten ninduen, eta nik orain hori bera egiten dut alabekin. Esan nienean ez nuela jokatuko, triste jarri ziren, baina Xota ikustera berdin-berdin joaten jarraituko dugula jakin zutenean, poztu ziren.

Euskaraldian Belarriprest ala Ahobizi? Euskara maila asko hobetu duzu. 
Ahobizi txapa jantzi dut. Gurasoak Jaendik etorri ziren, baina guri euskal kulturan murgildu gintuzten, eta beti eskertuko diet. Alabekin euskara berreskuratu dut, eta oso pozik nago.