Osasuna Magna Xotan mugimendu handiko egunak izan dira hauek. Gaur, maiatzaren 29an, hasiko dira titulua erabakitzeko play-offak, eta erronkari aurre egiteko prest dago talde irurtzundarra.
Play-offak ligan lehen zortzi postuetan sailkatu diren taldeek jokatzen dute: Servigroup Peñiscola (64 puntu), Palma Futsal (62 puntu), Barça (62 puntu), Movistar Inter (59 puntu), Jimbee Cartagena (51 puntu), Jaen Paraiso Interior (44 puntu), Osasuna Magna Xota (44 puntu) eta El Pozo Murcia (42 puntu).
Play-offetako final laurdenetan, Peñiscolak (1.) El Pozo Murcia (8.) izango du aurkari, Palma Futsalek (2.), Osasuna Magna Xota (7.), Barçak (3.) Jaen Paraiso Interior (6.) eta Movistar Interrek (4.) Cartagena (5.).
Kanporaketak oso berdinduak izango direla aurreikusten da. Joaneko partidak gaur, maiatzaren 29an, ostegunarekin jokatuko dira. Osasuna Magna Xotak 19:30ean jokatuko du, Mallorcan, Palma Futsalen kontra. Itzulerakoa ekainaren 1ean, 12:00etan, erabakiko da, Anaitasunan. Berdinduz gero, hirugarren partida ekainaren 4an jokatuko litzateke, sailkapenean hobekien klasifikatuta dagoen taldearen etxean, hau da, Mallorcan.
% 200ean
Osasuna Magna Xota gogotsu abiatu da Mallorcara. Ligako azken aurreko jardunaldian Palma Futsal mendean hartu zuten, eta horrek konfiantza handia eman die. “Gu bezalako talde umil bat play-offetan dago berriro ere, eta oso hunkigarria da. Taldearendako erronka itzela da, badakigu noren kontra jokatzen dugun, eta erronkarako prest gaude, aurretik halakoak ere gainditu ditugulako. Berdeak gara, nafarrak gara, nahiko burugogorrak. Emozio handiz bizi dugu. % 200 emango dugu” nabarmendu zuen Miguel Hernandezek, Palmara abiatu baino lehen.
Marea berdea
Igandean Anaitasunan jokatuko den partidarako 2.000 kamiseta berde oparituko ditu Xotak, Lacturale esneak eta Talleres Goñi babesleen laguntzari esker. “Anaitasuna gotorleku izatea nahi dugu, marea berdea”.
Toni Escribanoren agurra
Toni Escribanok agur esango dio Xotari, talde berdean bost denboraldi egin eta gero. Mostolesko jokalariak ziklo bat bete duela uste du, eta “beste abentura bat bizitzeko gogoa” du. Une honetan, nolanahi ere, play-offetan zentratuta dagoela nabarmendu zuen jokalariak. “Xotarendako soilik hitz onak dituk, eskerrik beroenak eman nahi dizkiet klubeko kide guztiei, etxean sentitu naiz. Alde horretatik pixka bat triste nago, baina bestetik oso kontentu guztion artean play-offetan egotea lortu dugulako”. Jokalari madrildarrak “Xotan zentratuta” jarraitzen duela nabarmendu du. “Orain garrantzitsuena play-offak dira. Nire taldekideekin erronkari erantzuteko prest nago”.