Maiatzaren 29an hasi ziren lehen mailako areto futboleko titulua erabakitzeko play-offak. Final laurdenetako joaneko partida Palman jokatu zuen Osasuna Magna Xotak, Palma Futsal taldearen kontra. Bi taldeak nor baino nor lehiatu ziren, baina Xotari alde jarri zitzaion partida, 5. minutuan Asier Llamas atezain irurtzundarrak gola sartu zuelako. Palma Futsal partidari buelta ematen saiatu zen, eta 12. minutuan Rivillosek bana berdintzea lortu zuen. Hortik aurrera are gehiago estutu zen lehia.
Partida berdinketarekin bukatuko zela zirudienean, bukaerarako 20 segundoren faltan Rivillosek garaipenaren gola sartu zuen, Xota jota utzi zuena, eta Palma Futsalek 2-1 irabaziz bukatu zen joaneko partida.
“Taldeaz harro nago, sekulako partida jokatu dutelako. Super talde horietako bat den Palmaren mailan jokatu dugu” nabarmendu zuen Miguel Hernandez entrenatzaileak.
Marea Berdea, Anaitasunarako prest
Play-offetako itzuliko partida ekainaren 1ean, igandea, 12:00etan, jokatuko da Anaitasuna. Xota prest dago partidari buelta emateko, eta horretarako Marea Berdearen laguntza eskatu du. Giro ederra aurreikusten da Anaitasunan, hitzordu handietakoa. Xotak nahi eta nahi ez irabazi beharko du, berdinketa apurtzeko hirugarren partida behartzeko.