Play-offetako final laurdenetako joaneko partidan 2-1 irabazi zion Palma Futsalek Osasuna Magna Xotari, Palman, azken segundotan. Beraz, atzo Anaitasunan jokatutako partidan talde irurtzundarrak irabaztea, ez zuen besterik, berdinketa despeditzeko hirugarren partida behartzeko.
Gogotsu zeuden Xotakoak, irabazteko gogoz, joaneko partidan nor baino nor aritu zirelako Palma Futsal talde ahaltsuarekin eta zaleen babesarekin etxean jokatuta, posible ikusten zutelako. Marea Berdeak sekulako giroa jarri zuen – 2.194 ikusle bildu ziren Anaitasunan– eta bi taldeek hil ala biziko partidari ekin zioten.
Xotak urduri samar ekin zion partidari, baina gol aukerak sortzen hasi zen; Palma Futsal baita ere. Asier Llamas atezain irurtzundarra eta defentsa berdea bikain aritu ziren, Palma Futsalen ahaleginak zapuztuz eta euren onetik ateratzen. Husnako berdinketarekin joan ziren atsedenaldira, baina itzuleran, zortea alde, Neginhok Palma aurreratu zuen. Marea Berdeak Xota inoiz baino ozenago animatu zuen orduan. Partida bukaerarako 5 minuturen faltan, Machadok baloi bat lapurtu zuen, Anaitasunak Palmakoen seigarren falta zela ikusi zuena, eta kontraerasoari ekin zion Palmak, Mateus Maiak bigarren golean bilakatu zuena. Pachuk 1-2 gerturatu zuen Xota eta Anaitasunak buelta emateko itxaropena bazuen, baina ezinezkoa izan zen, eta Osasuna Magna Xotak agur esan behar izan zion play-offei.
Martil, Juninho eta Escribanoren azken partida
Roberto Martil, Juninho eta Escribano jokalarien azken partida izan zen Osasuna Magna Xotarekin, eta hirurak hunkituta zeuden, Roberto Martil kapitain irurtzundarra bereziki. “Emaitzak gehiago mintzen nau nire azken partida jokatu izanak baino” nabarmendu zuen Roberto Martilek. Hala ere, taldeak “partida ona” egin zuela nabarmendu zuen. “Palman jokatu genuena baina partida hobeagoa egin dugu. Agian, bukaera aldera gasolina gehiago falta izan zaigu. Nolanahi ere, oso kontentu nago talde guztiak egindako lanarekin”.
Iritzi berekoa zen Miguel Hernandez entrenatzailea. “Taldea hustu egin da. Play-offetik kanpo geratu behar badugu, horrela izan dadila. Taldeaz oso harro nago”.