Hamalaugarrenez, Irurtzungo plazak estalpea eskaini zion Munduko Arrozak ekimenari. Goizetik hainbat jatorriko sukaldari irurtzundar taldeka, haietako bat mistoa, eta Sakana Harrera Haranako kideak arroza prestatzen aritu ziren. Arkupetik pasatzen zirenek nola egiten zuten ikusi eta errezetaz galdetzeko aukera izan zuten. Besteak beste Senegal, Maroko, Bolivia eta Gambiako errezetak ezagutzeko aukera izan zuten bertaratu zirenak. Ohi denez, guztiak dastatzeko aukera izan zen akaberan.
Plazatik pasa zirenak Gazako palestinarrek bizirauteko prestatzen dituzten jakiak zein diren ezagutzeko aukera izan zuten baita ere. Israel gosea gerra arma gisa erabiltzen ari den honetan arroza ezinbesteko elikagaia dela adierazi zuten horrela.