Pilota

Bergera, finalera, eta Igoa-Arbizu, kanpo

Guaixe 2025ko eka. 5a, 10:10

Igoa eta Arbizu finalerdietan erori dira. NAFARROAKO FEDERAZIOA

Irurtzungo Pilota Txapelketak baditu lehenengo finalistak. Bigarren eta azken finalerdiak ekainaren 9an jokatuko dira, eta Irurtzun klubeko sei pilotari egongo dira lehian

XXXIII. Irurtzungo Pilota Txapelketan lehendabiziko finalerdiak jokatu ziren ekainaren 4an, asteazkenarekin.

Bigarren mailako finalean Olasagastik (Behar Zana) eta Villanuevak (Zugarralde) finalerako txartela lortu zuten, Armaolea-Goiburu Lapkeko bikoteari 13-22 gailendu eta gero.

Lehen mailako finalerdiak ikusmin handia piztu zuten Irurtzun klubeko bikote batek, Josu Igoa eta Aaron Arbizu pilotari etxarriarrek osatutakoak, Irurtzun klubeko Iosu Bergera atzelari arruazuarra eta Azketa (Tartaloetxe) izan zituztelako aurkari. Jokoan asko zegoen, final handian egotea, eta lehia estua izan zuten bi bikoek. Azkenean, Nafarroako Lehen Mailako Binakako egungo txapeldunak, Igoa eta Arbizu, bidean geratu ziren, Azketak eta Bergerak, partida ikusgarrian, 14-22 hartu baitzituzten menpean. 

Beste bikote finalistak ekainaren 9an jokatuko diren finalerdietatik aterako dira. Irurtzun klubak finalean ordezkariren bat izango du, lau bikoteetan klubeko norbait baitago. Astelehenean jakingo da nortzuk diren. 

33. Irurtzungo Pilota Txapelketako finalerdiak
Ekainak 9, 19:00etan, Biaizpe pilotalekuan:
-Bigarren maila: Armendariz-Lazkoz (Irurtzun) vs Otxoa-Lizarraga (Irurtzun)
-Lehen maila: Eñ.Lizeaga-Santesteban (Mundarro-Irurtzun) vs Rekalde-Cuairan (Txumuluxueta-Irurtzun)