Astekaria

Zientzia Azokak Milana bidali ditu irurtzundarrak

Guaixe 2025eko ekainaren 17a

Mariaje Lasarte, Iera Garbisu, Iraia Ongai, Ibon Salaberri, Aiora Dorai eta Arantxa Imaz. UTZITAKOA

Elhuyar Zientzia Azokako Batxilergoko lehen saria jaso zuen hiru ikasle irurtzundarrek eta iruindar batek egindako proiektua. Adineko pertsonen egoera nola hobe zitekeen jakiteko hiru hilabetez adinduen egoitza batean egitasmoa garatu zuten.

Aurtengo Elhuyar Zientzia Azokan 60 ikastetxetako 640 gaztek 160 proiektu aurkeztu zituzten. Banatu ziren hamar sarietatik bi Sakanara etorri ziren. Joan den astean jakinarazi genuen Andra Mari ikastolako DBH 3 eta 4.mailako ikasleek 2. saria lortu zutela auto berriztagarria proiektuarekin.

Zientzia Azokako Batxilergoko lan onenaren saria ere sakandarrendako izan zen. Iruñeko Biurdana BHI ikastetxean ikasten duten Aiora Dorai, Iraia Ongai eta Iera Garbisu ikasle irurtzundarrek eta Ibon Salaberri iruindarrak egin zuten saritutako proiektua. Batxilergoko 2. maila ikasi dute eta Zientzia Azokara aurkeztutako proiektuarekin Milango I Giovani e le Science azokan parte hartzeko aukera irabazi du laukoteak. Heldu den urteko martxoaren 22, 23 eta 24an izanen da. 

Saria eman zien proiektuak Hobetu daiteke adineko pertsonen egoera botikarik gabe? izenburua zuen. Proiektu horren bidez, ikasleek aztertu nahi zuten gazteekin egoteak adineko pertsonen bizi kalitatean, batez ere emozio egoeran, eragina ote zuen. Mariaje Lasarte eta Arantxa Imaz irakasleak aldamenean izan dituzte proiektua egiterakoan.


Elhuyarko Jon Abrilek eman zien saria. UTZITAKOA

Egitasmoaz
Batxilergoa ikasi duten lau ikasleak hiru hilabetez Iruñeko Oblatasko adinduen egoitzara joan ziren. Joaten ziren aldi bakoitzean ordu erdi ematen zuten adineko lau pertsonekin, Celso (78 urte), Felisa (94 urte), Isabel (83 urte) eta Guillermorekin (83 urte) hain zuzen ere. Gazteekin egon zen adindu bakoitzak "egoera eta bizipen desberdinak zituen", azaldu dute ikasleek.

Proiektuaren hasieran astean bitan joaten ziren haiekin denbora pasatzera. Baina proiektuak aurrera egin ahala, ikasleak adinduen egoitzara astean hirutan joatera pasa ziren. Txanda bakoitzean ikasleek prestatutako jarduerak egiten zituzten adinekoen laukoteak. Proiektuak fruituak izango zituela ziurtatzeko adinekoak bi taldetan sailkatu zituzten, lehen taldearekin hiru hilabetez ekintzak egin zituzten. Bigarren taldearekin ez zuten denborarik partekatu. Eta bi taldeak alderatzeko test berak pasarazi zizkieten bai hasieran, bai akaberan. Testen bidez adinekoen emozio eta kognizio egoera ebaluatu zuten eta bi taldeen emaitzak konparatu zituzten.

Proiektua aurrera eramateko Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko geriatria zerbitzuko Fabrizio Zambomekin harremanetan egon ziren. Hark testekin eta egin beharreko ekintzekin lagundu zien. Zalantzaren bat sortzen bazitzaien hari idazten zioten, argibide eske. Lau ikasleek proiektuarekin emaitza "deigarria" lortu dute, egoera emozionalean nabarmen eta kognitiboan gutxiago hobetu dutelako lau adinduek. Gainera oso lotura estua lortu dute, denbora labur horretan.

Elhuyar Zientzia Azokako epaimahaiak laukotearen proiektuari saria ematerakoan honako arrazoia eman zuen: "gazteek lau hilabetez egindako esperimentazio konparatiboak balio kliniko handiz frogatu du belaunaldien arteko jarduerek adinekoen emozio ongizatea, eta neurri txikiagoan kognitiboa, nabarmen hobetzen dutela, botikarik gabe".


Taldekideak Zientzia Azokako standean azalpenak eman zituzten. UTZITAKOA

Bizipena 
Lau ikasleek proiektua hasieran erronka bezala ikusi bazuten ere, denborarekin adinduen eta ikasleen artean harreman estua sortu zen. "Gizartean halako ekimen gehiago sustatu beharko liratekeela uste dugu. Belaunaldien arteko harremanak indartzeko eta adineko pertsonen isolamendua saihesteko", azaldu dute ikasleek. Gaineratu dutenez, "asko ikasi dugu eta esperientzia berri bat bizi izan dugu. Eta adinduek adierazi ziguten beraiendako ere esperientzia oso atsegina izan zela, gure bisiten zain egoten zirela". 

Elhuyarrek Zientzia Azoka antolatuz gazteei zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematika ikerketa eta garapena barrutik bizitzeko aukera eman nahi die. 12 eta 18 urte artekoek parte hartzen dute.