Astekaria

"Nafarroako Herrien Arteko Txapelketarekin denboraldia bikaina izatea lortu nahiko genuke"

Maider Betelu Ganboa 2025eko ekainaren 18a

Miguel Beraza erdian, Irurtzun Pilota Txapelketako finalerdietan. UTZITAKOA

33. Irurtzungo Pilota Txapelketako final handien ostean, Miguel Berazak Nafarroako Herrien Arteko Txapelketako azken borrokan egotea espero du

Ekainaren 14an, Trinitate festetan jokatu ziren 33. Irurtzungo Pilota Txapelketako final handiak. Goi mailako final estuak espero zituen Irurtzun Pilota Klubeko Miguel Beraza presidenteak, txapelketan pilotari nafar amateur onenek parte hartu dutelako, maila oso onean, eta hala izan zen.

33. Irurtzungo Pilota Txapelketan lehen mailan 24 bikote lehiatu dira eta bigarrenean hemezortzi. Nola joan da txapelketa?
Oso ongi. Final zortzirenetatik aurrera, zerrenda buruak lehian sartu zirenetik, askoz ere jende gehiago etorri da partidak ikustera. Giro ederra egon da frontoian. Irurtzungo finaletan, aurreko urtetan bezala, frontoiko ateak zabaldu behar izan genituen, gerturatutako jende andana sartu ahal izateko, frontoia topera jartzen baita. 

Trinitate festetako ekitaldi ezinbestekoetako batean bilakatu dira txapelketako finalak, harrera oso ona dute.
Bai, pilotari afizionatu onenek parte hartzen dutelako. Hasteko eta behin, Oberena eta Larraun klubeko pilotariren batzuk izan ezik, Irurtzunen daude Nafarroako pilotari afizionatu onenak. Eta guztiek Irurtzungo Txapelketan jokatzen dute, Euskal Herriko edo Errioxako atzelari eta aurrelari bikainekin bikotea osatuta. Torneoak prestigio handia du, eta giro ona sortzen da. Horretaz gain, sari ekonomiko onak jasotzen dituzte lehen mailako eta bigarren mailako lau bikote onenek. Horrek ere arreta pizten du. 

Nolakoak izan ziren finalak?
.Jaialdia hasteko, emakumezkoen paleta goma partida jokatu zuten Etxarri Aranazko Gure Pilotako Astitz-Erauskinek Beltza-Gaintzarainen kontra. Azkenek irabazi zuten, 18-25. Ondoren, bigarren mailako finalaren txanda izan zen. Otxoa-Lizarragak (Irurtzun) Olasagasti-Villanueva (Behar Zana-Zugarralde) izan zituzten aurkari. Final estuagoa aurreikusten zen, baina Olasagastik eta Villanuevak irabazi zuten 12-22. 

Lehen mailan Irurtzun klubak txapeletako bat ziurtatua zuen, bi bikoetan ordezkari bana zenutelako, Bergera eta Cuairan.
Josu Bergera atzelari arruazuarrak Azketarekin (Tartaloetxe) jokatu zuen Rekalderen (Txumuluxueta) eta Cuairanen (Irurtzun) kontra. Gazteenak, Rekalde eta Cuairan, pixka bat faboritoagoak ziren, finalerdian ikusgarri aritu zirelako. Dena den, beteranoak ez dira nolanahikoak, argi geratu zenez, eta oso paretsu joan zen finala. Azkenean, 18-22 gailendu ziren Rekalde eta Cuairan. 

Bergerak eta Azketak sorpresa eman zuten finalerdietan Irurtzun klubeko Igoa eta Arbizu etxarriarrak, Nafarroako Binakako txapeldunak, mendean hartuta.
Igoak eskuak pixka bat justu zituen, eta Arbizu astero hiruzpalau partida jokatzen ari da Garferekin. Igoa sarritan ari da Garferekin, baita ere. Pixka bat ukituta iritsi ziren finalerdira, baina, nolanahi ere, Azketa eta Bergera ederki aritu ziren. Bergera arruazuarra bere bigarren gaztaroan dago. 

Denboraldia ederki hasi zenuten: Nafarroako Binakako lehen mailako txapelketa irabazi zuten Igoa-Arbizuk eta bigarren mailakoa Salcedo-Lazkozek. Hamabost urte beranduago, txapela Irurtzunera itzuli zen.
Bai, txapelketa ona izan zen, zalantzarik gabe. Ondoren Espainiako Txapelketako binakakoan gorenean egon ginen, baina kopako finalerdietan erori ginen, Igoa eta Arbizu Oberenaren kontra erori zirenean. Euskal Herriko Kluben Arteko Txapelketan final laurdenetan galdu genuen. Txapelketak une txarrean harrapatu gintuen, lesioak tarteko eta GRABNI Txapelketarako gure zenbait pilotari hautatuta zeudelako, eta ez genuen gure maila eman. Beti irabaztea ezinezkoa da, eta egutegia oso estu dago. Gainera, guk txapelketa guztietan hartzen dugu parte. Euskal Ligan Olaetxea eta Santesteban txapeldunordeak izan ziren, Alegiko Intxurreren kontra finala galduta, eta jubeniletan finalerdietan galdu genuen, Oiartzungo Oiarperen kontra. GRABNIan, aldiz, bi txapeldunorde ditugu, Aaron Arbizu eta Endika Santesteban. Orain Nafarroako Herrien Arteko Txapelketan gaude buru belarri.

Zer moduz doa Nafarroako Herrien Artekoa?
Txikien mailan ez gara final laurdenetara sailkatu, baina maila nagusian ederki ari gara. Ekainaren 28an Labriten jokatuko diren finalerdietan eta uztailaren 13ko sanferminetako final handietan egon nahi dugu, borroka horretan egoteko taldea badugulako. Kadeteetan Laso-Gorraiz dira titularrak, jubeniletan Uharte-Okiñena eta eliteetan Ongay-Azpiroz. Titulua lortzeko borrokan sartzeko ilusioa dugu. Gure multzoan Larraun, Esteribar, Lizarra eta Barañain daude, eta jokatu ditugun sei partidetatik lau irabazi ditugu. Igandean Larraunen kontra jokatu genuen, Irurtzunen, eta 2-1 irabazi genuen. kadeteetan Laso-Gorraizek 22-2 irabazi zieten Larraungo Ijurkori eta Amaiurri, jubeniletan Uhartek eta Okiñenak 22-5 hartu zituzten mendean Ijurko eta Goikoetxea larraundarrak eta eliteetan Ongayk eta Azpirozek 12-22 galdu zuten Larraungo Galarzaren eta Garañoren kontra. 

Beraz, denboraldiaren balorazioa positiboa da, guztiz.
Momentuz ona, oso ongi kalifikazioarekin. Baina Nafarroako Herrien Artekoarekin bikaina lortu nahiko genuke. Ondoren udako torneoak etorriko dira: Gartzaron, Renteria, Antiguoko, Lezo, Zumaia, Getaria...