Osasuna Magna Xota 2025/2026 denboraldia prestatzen ari da. Toni Escribano eta Juninhoren martxak eta Roberto Martilen erretiroa betetzeko jokalari berriak behar dira, eta lehenengo bi fitxaketak aurkeztu ditu klub irurtzundarrak.
Lehena Juan Pablo Cuello argentinarra da. Buenos Aireseko 28 urteko jokalariak itxiera postuan jokatzen du eta ADCR Caxinas Poça Barca talde portugaldarretik dator. Aurretik America del Sud eta Boca Juniors taldeetan aritu zen. Denboraldi baterako fitxatu du Xotarekin. Osasuna Magna Xotako Miguel Hernandez entrenatzailearen esanetan “esperientzia handiko jokalaria da, mugikortasun handikoa. Defendatzaile ona, baloia oso ongi mugitzen du”.
Cuello “oso pozik” dago estatu espainiarreko lehen mailako ligara helduko delako. “Erronka ederra da, iritsi eta hasteko gogotsu nago. Zaleei besarkada handia”.
Bigarren fitxaketa Gustavo Marra brasildarra da. 22 urteko jokalaria itxiera postuan jokatzen duen hegala da, Brasilgo Santo André taldetik datorrena. Hiru urteko kontratua sinatu du Xotarekin. “Ezkerra da, eta intentsitate handiko jokalaria. Markatzerakoan gogorra da eta mugikortasun handia izateaz gain, baloia ongi maneiatzen du. Erraz jokatzen du, eta baloiari irteera ematen dio beti. Xotaren profilerako egokia da” nabarmendu du Miguel Hernandezek.
Marrak aitortu duenez, “zoriontsu” dago. “Xota klub handia da eta bertako partaide izatearekin oso pozik nago. Garaipen eta konkista urtea dugu zain”.
Plantilla, oporretan
Bestalde, Xotako plantilla merezitako atsedena hartzen ari da. Ekainaren 6an denboraldi bukaerako bazkaria egin zuten Plazaola Hotelean, aurretik Lacturale eta Talleres Goñi babesleen egoitzak bisitatu eta gero.
Xotako kategoria txikian jokatzeko izena ematea, zabalik
Xota klubak azaldu duenez, Xotako harrobi taldeetan izena emateko epea zabalik dago. Informaziorako 649 415 806 telefonora hots egin behar da.