BSH multinazionala Ezkirozko lantegia antolaketa eta produkzio arrazoiengatik itxiko du. Hala jakinarazi du 649 langile kaleratzeko aurkeztutako enplegua erregulatzeko espedientean. Haren kontsulta epea hasita, multinazionalaren asmoa da kaleratzeak urtean zehar pixkanaka egitea eta abenduaren 31n lantegia ixtea. BSHk erregulazio espedientean jaso duenez, 649 langile kaleratzeko asmoa du, eta lan egindako urte bakoitzeko 20 eguneko kalte ordaina proposatu du, urte bateko mugarekin.
Espedientetik kanpo utzi ditu bero ponpen ataleko hemezortzi langileak eta partzialki erretiratutakoak. Bestalde, bete gabeko 48 lanpostu eskaini ditu Espainian dituen hiru lantokietako batean (Zaragozan bi eta Santanderren bat).
Bilera eta protesta
Espedientearen kontsulta epeko lehen bilera Irurtzungo Plazaola hotelean egin zen eta lau ordu iraun zituen. Bilera bitartean BSHko langileak hotelaren parean protesta egiten egon ziren, bilera bukatu arte.
Hurrengo asteetarako egutegia zehaztu dute bi aldeek: garagarrilaren 25ean eta garilaren 1ean, 3an, 8an, 10ean, 15ean eta 16an. Multinazionalak erabaki zuen bilera Irurtzunen egitea. Enpresa batzordeak Iruñean egitea nahi du, eta bi toki proposatu dizkio: Lan Auzitegia eta Industria eta Enpresa Ekologia eta Digitalizazio Trantsizioako Departamentuaren egoitzan. Oraindik ere tokia zehaztu gabe dago.
Espedientea negoziatzen ari diren bitartean, BSHk kontratatutako Metyis Herbehereetako aholkularitza etxeak lantokia erosteko inbertitzaileen bila jarraituko du. Nahiz eta kontratua garilean 17an bukatu, hura luzatzeko aukera egongo dela jakinarazi dio BSHk langileen batzordeari. Ezkirozko lantegian interesa duen inbertitzaile batekin bilera izan zuen.
UGTk ohar bidez "erabat" gaitzetsi du BSHk alde bakarreko erabakian lantokia itxi eta lan erregulazioko espedientea aurkeztu izana. Sindikatuaren aburuz, beste bide bat har zezakeen multinazionalak eta energetikoki eraginkorragoak izango diren beste produktu batzuk ekoitzi, hasieratik inbertsio txiki bat eginda. "Deslokalizazio argia izan da", salatu du.