1. Motor gidariak, aspalditik?
Adrian izan ezik, bera oraindik aprendiza baita, Espaciobiker Custom Club Navarra klubera egokitzen ari da. Gure kluba Nafarroan eta Gipuzkoan sortu zen, eta ondotik delegazioak edo "kapituluak" sortu ziren beste zenbait probintziatan.
2. Nafarroan motor klub asko daude?
Gu Nafarroako Kluben Anaitasunean sartuta gaude. Hamalau klub gara guztira. Guztion artean irteeren, kontzentrazioen eta urteurren festen egutegia adostu eta argitaratzen dugu urtero.
3. Espaciobiker Custom Club Navarraren egoitza non dago?
Udabeko bentetan, bertako nagusi Juan Jose 'Khakun' gure presidentea delako. Bertan egiten ditugu asanbladak. Klubetan hierarkia dago. Iñaki Urzaiz presidenteordea da, Iker Vazquez arma sarjentua, ordena mantentzen duena, Jesus Alonso kidea eta ni, Adrian, aprendiza naiz, berria, klubaren nondik norakoak ikasten ari naizena.
4. Txalekoan, klubeko partxeak.
Klubaren izena (ESKB C.C.), azpian gure goitizena, kargua, eta gorago klubaren logoa duen partxea daramagu. Bizkarrean partxe bera, baina tamaina handian. Adrianek, aprendiza denez, oraindik ez du partxerik.
5. Custom motor klub bateko kide izatea zer da zuendako?
Custom motorrak gustuko ditugu, zaletasun bera dugun kuadrilla gara. Irteerak egiten ditugu, eta ongi pasatzen dugu. Bizitzeko modu bat da, eta guztia dago lotuta, filosofia berean: motorrak, kluba, estetika, kolore beltza, txalekoak, rock and rolla... Gainera, mundu honetan lagun handiak egiten dira, eta toki asko ezagutzen.
6. Zuen motorrak chopperrak dira, customak.
Bai. Abiadurazko motorrean ia etzanda zoaz, deseroso; abiadura eta adrenalina kontua da. Guri, aldiz, bidaiaz disfrutatzea gustatzen zaigu. Gure motorrak handiak dira, pisuak, eserita eroso bidaiatzeko, banaka edo binaka. Paisaiaz gozatu, norberaren pentsamenduak ordenan jarri, airea sentitu... beste historia bat da, beste sentsazio bat. Astebururo irteera bat egiten saiatzen gara.
7. Ekainaren 21ean Espaciobiker Custom Club Navarrakoek 16. Urteurreneko festa antolatu zenuten Irurtzunen. Egun berezia izan zen.
Jakina. Goizeko 9:00etan eskoletako patioan bildu ginen guztia muntatzeko eta izena ematea zabaltzeko. 80 motor gidari inguru bildu ginen. 10:30ean irteera egin genuen. Latasatik Arostegira joan eta Izarpe kanpinean gosaldu ondoren Ultzama eta Basaburuatik pasa ginen, gure egoitzatik, Udabeko bentatik, Lekunberritik Iribasera jo genuen eta Madotz eta Zuarrarratetik Irurtzunera heldu ginen. Matxainen bazkaldu, eta 18:00etan Sakanako Harri Jasotzaileen erakustaldia, jokoak, zozketak eta beste izan genituen. DJ festarekin bukatu zen eguna.
8. Nongo jendea etortzen da?
Hemengoa, baina baita ere Bartzelonatik, Valladolidetik, Frantziatik eta Ibizatik etorri izan zaizkigu motorzaleak.
9. Motor klubetan erreleborik badago? Belaunaldi berririk?
Motorrarekiko zaletasuna ez da besterik gabe sortzen. Txikitatik dator, triziklotik, bizikletetatik hasita... motorra erosteko desiotan geunden. Egun, ez dira horrenbeste motor ikusten, eta erreleboarena zaila dago.
10. Custom munduan Harley Davidsonak gorena dira?
Guk ez dugu Harley-rik, gureak Yamahak eta BMW-ak dira. Norberaren gustuaren araberakoa da, baina Harleyak mitikoak dira, legenda hutsa. Ongi zaindutako motorrak bizitza guztia iraun dezake, eta guk oso ongi zaintzen ditugu gureak.
11 Urrutien egin dituzuen irteerak zeintzuk dira?
Portugalgoko Faroko kontzentrazioa, Jaen... Baina nahiago dugu eguneko irteerak egitea, ingurune pribilegiatua dugulako. Iñaki Norvegiako Nord Kappen egon zen. Noizbait 66. Ibilbidea egin beharko dugu (kar-kar).