Hezkuntza Departamentuak Atakondoa eskola publikoari jakinarazi dionez Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) 2. mailako gela batean 33 ikasle izanen dira heldu den ikasturtean. Haietako bi errepikatzaileak dira eta hezkuntza ikuskariak Atakondoako zuzendaritzari esan dio bi ikasle horiek ez dutela kontatzen. Horrela 32 ikasle dira. Gainera, 10 orduz Curriculum Bereziko Unitateko ikasle bat sartuko da zenbait irakasgaitan. Ikasle horrek motrizitate arazoak dauzka eta hezitzaile batekin batera sartuko litzateke gelan. Hortaz, ikasgela horretan 33 ikasle, irakaslea eta hezitzailea egonen lirateke. Gela horretako kopuruak oraindik %10 egin lezake gora, epez kanpo egiten diren ikasleen matrikulengatik. Hezkuntza legediaren arabera guztira 36 ikasle izatera irits litezke, irakaslea eta hezitzailea barne.
Irantzu Osinagak Euskalerria Irratian salatu duenez, "legezkoa izanen da, baina bidezkotik gutxi du". Ikasturteko akabera festa baliatu dute lau haizetara zabaltzeko bizitzen ari diren egoera "bidegabea". Osinagak nabarmendu duenez, "hezkuntza komunitatearen babesa dugu eta udalarekin ere harremanetan jarri gara. Hezkuntza Departamentuan instantziak sartuko ditugu sindikatuen babesarekin", azaldu du.
Osinagak gaineratu duenez, arazoa ez da "bakarrik" ikasle kopurua. "Fisikoki ere gela bakarrean ez dira sartzen. Armairuak kentzeko eskatu ziguten, espazio gehiago izateko. Hala ere, ez dira sartzen", azaldu du. Nabarmendu duenez, "irakaslea ia lekurik gabe geratuko da ikasleengana hurbildu ahal izateko eta eurek ere ez dute izanen euren materiala gordetzeko tokirik", aurreratu Osinagak. Gainera, "ia pasabiderik gabe geratzen dira eta pilaketa nabarmena izanen da", gaztigatu du. Horregatik, Atakondoako hezkuntza komunitateak gela bikoiztea eskatu du.
Eskolako gela beteta horrela geldituko litzateke. ATAKONDOA
Iritzia
Aurreko hezkuntza araudiaren arabera DBHko gela baterako gehienezko ratioa 30 ikaslekoa da, eta 31 ikasle balira gela bikoiztuko lukete. Baina ANPE, AFAPNA eta UGT sindikatuek, gutxiengoan, Nafarroako Hezkuntza Departamentuarekin Hezkuntza ituna sinatu zuten. Steilas sindikatuak salatu duenez, "departamentuak ratioen jaitsiera eskasa eskaini du, eta 2026/2027 urtean hasiko den Bigarren Hezkuntzako ratio jaitsiera progresiboa, eskasa izateaz aparte, iruzurgilea da".
Steilasek azaldu duenez, Hezkuntza araudiaren arabera ikasle bakoitzak 1,5 m² behar ditu gelan ikastetxea legezkoa izan dadin. 33 ikasle, irakaslea eta hezitzailea erreferentziatzat hartuta, 1,42 m² izango ditu pertsona bakoitzak. Eta 36 ikasle balira 1,3 m² izango lituzkete.
Sindikatutik galdera egin dute: "nola egingo du irakasle batek ikasgelako beharrak artatzeko, ikusirik ikasle bakoitzari 1,7 minutu eskaini diezazkiokeela? Baliabiderik gabe eta ratio horiek kontuan hartuta ez inklusioak, ez ongizate emozionalak ez dute tokirik izango. Ezin dira prozesu didaktiko eta pedagogikoak garatu gutxieneko baldintzak bermatu gabe".