Areto futbola

Roberto Martil, ardura berriekin "gogotsu eta ilusioz gainezka"

Guaixe 2025ko eka. 25a, 11:25

Roberto Martilek Xotako entrenatzaile Miguel Hernandezen konfiantza guztia du. XOTA

Irurtzundarra Osasuna Magna Xotako bigarren entrenatzailea izango da, eta Xotaren eskolako koordinatzailea

Roberto Martil Osasuna Magna Xotako kapitainak jokalari izateari utzi dio, baina klub irurtzundarrean segituko du. Osasuna Magna Xotako bigarren entrenatzailea izango da, Miguel Hernandez entrenatzailearen eskuin besoa, eta, horretaz gain, Xota eskolaren koordinatzailea. 

Roberto Martilek azaldu duenez, “oso gogotsu eta ilusioz gainezka” hartu du bere egiteko berria. “Jokalari izateari utziko niola esan nuenetik, emozio handiak bizi izan ditut: agurrak, aitortzak... maitasun handia jaso dut. Guztia oso polita izan da, ametsa, nik imajinatzen nuena baino askoz ere gehiago. Tamalez, play-offa galdu genuen, etxean, nire azkeneko partida izan zenean. Baina gauzak horrela dira”. 

Bere betiko klubean jarraituko du Martilek, “etxean”, eta “oso eskertuta” dago berarekin izan duten konfiantzarekin. “Miguelek konfiantza handia eman dit, ardura, eta askatasuna”. 

Xota eskolako koordinatzaile izatea “aspalditik nuen ametsa” izan da Martilendako. “Taldeak eta entrenatzaileak koordinatu ahal izatea, euren trebakuntzan lagundu ahal izatea, euren familietatik gertu egotea... handia da. Gauza asko hobetu nahi ditugu”. 

Azkenik, Roberto Martilek emakumezkoen senior taldeko entrenatzaile izaten jarraituko du.