Mankomunitateak Irurtzungo garbigunea egiteko lanak eman nahi ditu

Guaixe 2025ko eka. 30a, 11:49

Azpiegiturak bi altuera izanen du eta ibilgailuekin edo oinez sartzeko aukera izanen da. Aurreikuspenen arabera garbiguneak 6.415 pertsonari zerbitzua emanen die. Baina Iruñerriko eta Mendialdeko udalerriak sartuz gero 15.130 dira.

Sakanako Mankomunitateak Irurtzunen garbigune bat egin nahi du. Lana bere egin nahi duen enpresak eskaintza agorrilaren 4ko 13:00etarako aurkeztu beharko du. Obra bereganatzen duenak urte erdia izanen du hura despeditzeko. Lanek 462.665,85 euroko (BEZik gabe) aurrekontua dute. Haiek finantzatzeko ibarreko erakundeak Europar Batasuneko Berreskuratze-, eraldatze- eta erresilientzia-planeko dirulaguntza du. 

Garbigunea Akaborro industrialdeko goiko kalearen pareko berdegunean eginen da. Hondakinen kudeaketarako azpiegiturak 1.500m2 inguruko azalera (18,5 metro zabal eta 88,5 metro luze) izanen du. Berdegunean dagoen aldapa baliatuz, altuera desberdinean bi zirkuitu eginen dira. Goiko zirkuituak herritarrek industria edukiontzietara hondakinak botatzeko balioko du. Besteak, behekoak, kamioiek aipatu edukiontziak jasotzeko aukera emanen du. Gainera, behean 6 industria-edukiontzi irekirentzako espazioa prestatuko da, kontrol etxola jarriko da, baita metalezko estalkia ere. Azken horren azpian etxeko eta antzeko beste hondakin batzuk kudeatuko dira. Bi zirkuituetan autoz edo oinez sartu eta ateratzeko aukera izanen da. 

Lanak
Garbiguneak bi altuera izanen ditu. Behekoan biltzeko zirkuitua egonen da, 760m2-ko azalera izanen du. Beheko eta goiko zirkuituak bereizteko 90 metroko luze eta 2,5 metro altu izanen den pareta bat eginen da. Bestalde, aurrefabrikatutako kontrol etxola bat jarriko da. Hondakin batzuk eguralditik babesteko, 90m2-ko estalki metaliko baten azpian egonen dira etxeko eta antzeko hondakin jakin batzuk kudeatzeko edukiontzi, kaiola, kubeta, bidoi eta gainerako ontzi guztiak. Esate baterako, tamaina handiko hondakinak, fitosanitarioak, erradiografiak, pintura eta bernizak, olio filtroak, laborategiko produktuak, fuela eta izotz-kontrakoa, lanparak, bateriak, pilak, arropa, etxe tresna elektrikoak, kutsatutako metalezko ontziak edo motorreko olioa. Gainera, 5 industria edukiontzi jarriko dira. Horietan txatarra, kimaketen hondarrak, egurra, obra txikietako hondakina eta pladurra jasoko dira. Azkenik, ur beltzak jasotzeko sarea eta argiteria azpiegiturak egin beharko dira. Goiko mailan, berriz, isurketa zirkuitua egonen da. Guztira 550m2-ko azalera izanen du. Ur beltzen sarea eta argiteria publikokoa hara ere zabaldu beharko da.