Akaborroko pabiloietan solairuarteak sortzeko aukera dago

Guaixe 2025ko uzt. 3a, 11:27

Akaborro industrialdeko kalea Dinabidetik. ARTXIBOA

Udalak hirigintza planean beharrezkoa den aldaketa egin du.

Irurtzungo Udalak Akaborro industrialdeko hirigintza plana aldatu du. Aldaketa horrekin industrialde horretan dauden enpresek beraien pabilioietan solairuarteak eraikitzeko aukera izanen dute. Beraz, pabilioien eraikigarritasuna handitu daiteke horrela, antolamendua eta erabileren erregulazioa aldatu gabe. Hori bai, solairuartea eraikitzen duenak ezin izanen du kanpoko bolumenik aldatu.

Udalak aldaketa egiteko kontuan izan du, batetik, Akaborro industrialdea oso mugatua dela. Eta, bestetik, erabilera batzuk hartzeko gaitasuna eman nahi dio, beharrezkoak eta erabilera nagusiekin osagarriak baitira. Irurtzungo Udalak argudiatu duenez, "gero eta gehiago daude ‘industria mota berriak’, erabilera komertzialekin, zerbitzuekin eta hirugarren sektorekoekin pareka daitezkeenak, erabilera nagusiak funtzionatzeko eta/edo modu autonomoan funtzionatzeko beharrezkoak direnak". Industrialdean bertan autoen kontzesioak eta tailerrak, herri-lanen mantentze-lanak, bulego teknikoak, garraioak, logistikoak eta abar ezarri dira dagoeneko. Hori kontuan izanik eman du pausoa udalak. Gaineratu duenez, "industrialdeen eta zerbitzu poligonoen arteko aldea lausoa da, eta gaur egun egokiagoa da jarduera ekonomikoetarako poligonoen izendapena".