Pilota

Irurtzun, Nafarroako Herrien Arteko final handira

Maider Betelu Ganboa 2025eko uztailaren 10a

Adrian Azpiroz, Donezteberen kontrako partidan. NAFARROAKO EUSKAL PILOTA FEDERAZIOA

Finalerdietan Doneztebe hartu zuen mendean. Finala Leitzaren kontra jokatuko du, uztailaren 13an, Labriten

Nafarroako Herrien Arteko Txapelketa absolutuko final handian egotea lortu du Irurtzun pilota klubak, ekainaren 28an jokatutako finalerdietan Donezteberi 2-1 irabazi eta gero. Kadeteen partidan Lasok eta Gorraizek (Irurtzun) 11-22 galdu zuten Fagoaga-Anzizarren (Doneztebe) kontra, eta beste bi partidak irabazteko presioa izan zuen Irurtzunek. Jubenilen mailan Okiñenak eta Huartek (Irurtzun) maisuki jokatu zuten eta 3 tantotan utzi zituzten Leiza-Oiaregi (Doneztebe). 1-1, beraz, eta eliteen mailako partidak erabakiko zuen nor pasako zen finaletara. 

Eliteetako partidan parez pare aritu ziren Ongay-Azpiroz (Irurtzun) eta Elizalde-Santesteban (Doneztebe). Bi bikote sendo, nor baino nor, final handi baten bila. Ongayk eta Azpirozek bikote indartsua osatu zuten, eta, azkenean, 22-19 irabazi zieten Elizalderi eta Santestebani partida borrokatuan. 

Nafarroako Herrien Arteko final handia Irurtzunek eta Leitzak jokatuko dute. Leitzak Lizarra hartu zuen mendean finalerdietan. Finala sanferminetan jokatuko da, uztailaren 13an, 10:00etan, Labrit pilotalekuan. Irurtzun klubeko Miguel Berazak aitortu duenez, “denboraldiari ginga jartzea litzateke Nafarroako Herrien Artekoa irabaztea, denboraldiari bikaina jartzea”.