Irurtzungo hezkuntza komunitateko kideak Hezkuntza Departamentuaren Iruñeko egoitzaren parean kontzentrazioa egin dute gaur. Haren bidez salatu dute 2025/26 ikasturtean Atakondoa eskola publikoko DBHko 2. mailako gelan 30 ikasle, tarteka behar berezietako beste ikasle bat eta bi irakasle izanen direla. Gainera, ikasturtean zehar etor daitezkeen ikasleak ere hartu beharko lituzkete gela horretan. "Beraz, datorren ikasturtean, gure seme-alabentzat guztiz bidegabea den egoera bat pairatzera behartuta gaude, nahiz legezkoa izan", azpimarratu dute hezkuntza komunitateko kideek.
Gaztigatu dutenez, "Atakondoako ikastetxea eraikin zaharra da, egitura arkitektoniko berezia duena, eta ez dago prest talde handiak baldintza egokietan hartzeko". Gela bakarrean 31 ikasle eta bi irakasle egoteak "espazio eta funtzionaltasun arazo larria sortuko" duela gaztigatu dute. "Eragin oso negatiboa izango du eskolen eguneroko garapenean, eta eragina izango du bai hezkuntzaren kalitatean, bai ikasleen eta irakasleen ongizatean ere. Ezinbestekoa da ikastetxearen berezitasun hori kontuan hartzea, ikasturtea behar bezala planifikatzeko eta irakaskuntza-ikaskuntza prozesua arriskuan jar dezaketen egoerak saihesteko".
Eragin "kezkagarriak"
Gaur protesta egin dutenen iritziz, "31 ikasle eta bi irakasle espazio txikian aldi berean egotera behartzean sor daitezkeen bizikidetza-arazoak; horrek tentsioak sor ditzake eta talde-dinamika zaildu". Gaineratu dutenez, "irakaskuntzarako desegokia den inguruneak eragindako kalte pedagogikoak: zaratak, mugikortasunik ezak eta norbanakoen beharrei erantzun ezinak kolokan jarriko dute kalitatezko eta bermez betetako ikaskuntza bat". Eta, azkenik, nabarmendu dutenez, "gure seme-alaben segurtasuna eta osasuna. Hain gainezka dagoen gela batean, gaixotasunak zabaltzea saihestezina izango da, eta ebakuazioa eskatzen duen larrialdi egoera baten kasuan, egungo baldintzek ez dute gutxieneko babes-neurrietarako bermerik eskaintzen".
Gurasoek adierazi dutenez, "Hezkuntza Departamentuak zenbakiak baino ez ditu ikusten taldekatzeen afera honetan. Guretako, ordea, zenbaki horien atzean gure seme-alabak daude, eta argi daukagu bidegabekeria honek ez duela Ekitatean eta Kalitatean aurrera egiteko inolako bermerik ematen, Itunaren atarikoan aldarrikatzen den legez".