Pilota

Irurtzun, Nafarroako Herrien Arteko txapelduna

Guaixe 2025eko uztailaren 14a

Irurtzun txapelduna eta Leitza txapeldunordea, Labriteko sari ematean. NAFARROAKO EUSKAL PILOTA FEDERAZIOA

Leitza irabazita denboraldi itzela borobildu du talde sakandarrak

Nafarroako Herrien Arteko 55. Txapelketa jokatu zuten uztailaren 13an Leitza eta Irurtzun klubek. Irurtzunek bere lehen herrien artekoa lortzeko ilusio handia zuen, eta Miguel Berazak zuzentzen duen klubak ez du huts egin, Leitzaren kontra nagusi izan baitzen. Giro ederra egon zen Labriten, eta finalak zaletu ugari erakarri zituen Bombonerara.

Kadeteen mailako partidan Leitzako Baleztenak eta Zubillagak 22-11 hartu zituzten mendean Irurtzungo Laso eta Razkin. Hasieran parez pare aritu ziren bi taldeak eta Irurtzungoak 8-9 egon ziren aurretik, baina leitzarrek kontrola hartu eta erraz gailendu ziren. 

Jubenilen arteko finala oso estua izan zen. Sagastibeltza-Alkorta (Leitza) eta Okiñena-Huarte (Irurtzun) nor baino nor aritu ziren. Lehen zatiko parekotasuna eta gero, zortzinako berdinketaren ondoren, irurtzundarrak aldea hartzen hasi ziren, 8-17 aurreratu arte, baina leitzarrek ez zuten partida galdutzat eman eta 18ra berdintzea eta 21-18 aurretik jartzea lortu zuten. Azken txanpa ikaragarrian irurtzundarrek bikain erantzun zuten, eta erremontatzea eta 21-22 irabaztea lortu zuten. 

Banako berdinketarekin, senior mailako partidak erabaki zuen. Ongayk eta Azpirozek osatu zuten Irurtzungo bikotea, eta ez zieten aukerarik ñimiñoena eman Leitzako Txoperenari eta Goikotxeari. Euren gainetik pasa ziren, 2-22 irabazita. 

Irurtzunek historia egin du, lehenengoz irabazi baitu Nafarroako Herrien Artekoa. Horrela, Irurtzun Herrien Arteko txapeldunen klubean sartu da, Altsasu, Oroz Betelu, Leitza, Larraun, Bera, Goizueta, Lizarra, Iruñea, Uharte Arakil, Baztan, Huarte Iruñea eta Donezteberekin batera. 

Euskal Herriko Herrien Artekora
Nafarroako Herrien Artekoa irabaztearekin batera, Irurtzunek Euskal Herriko Herrien Arteko Txapelketarako txartela lortu du. Finalerdietan Bizkaiko Markina-Xemein izango du aurkari, eta txapeldunak finala jokatuko du Gipuzkoako Oiartzunen kontra. Oiartzunek Aguraini irabazi zion finalerdian.