Nafarroako Gobernuarekin hainbat bilera egin eta prozesu luze baten ondoren, Lizarra kalea Irurtzungo Udalaren jabetza da. Hala jakinarazi zuen Nafarroako Gobernuak ebazpen baten bidez. Irurtzungo Udalak garagartzaroko bilkuran kalearen zesioa onartu zuen eta hura bere izenean jartzeko jabetzaren erregistrora joan zen joan den astean. Lehen NA-7010 errepidea zenaren 450metro, hau da, Lizarra kalea, orain udalaren jabetzakoa da.
Unai Razkin Iriarte alkateak jakinarazi duenez, "parte hartze prozesu baten bitartez herri erdigunea nola antolatu nahi dugun erabakitzeko asmoa dugu". Razkinek aurreratu duenez, "parte hartze prozesu hori urte akaberan izanen da. Eta heldu den urtean beharrezkoak diren lanak egitea".
Bestetik, Irurtzungo Udalak eta erraldoien konpartsak lankidetza hitzarmena sinatu dute. Konpartsak orain arte festetako diru partidatik dirulaguntza jasotzen zuen. Baina aldeek egokiago eta zehatzago lotu dute haien arteko lankidetza hitzarmen baten bidez. Guztira, gehienez, 6.500 euro bideratuko dizkio udalak erraldoien konpartsari.