Azkenean, denboraldiari "bikaina" nota jarri dio Irurtzun pilota klubeko presidente Miguel Berazak, klubak historia egin baitu. Lehenengoz Nafarroako Herrien Arteko Txapelketa irabazi du, meritu handiko lorpena, uztailaren 13an sanferminetako giroan murgilduta zegoen Labriten Leitza mendean hartuta.

Jubenilen zorioneko berdinketa
Goiza ez zen ongi hasi, kadeteetan Baleztena-Zubillagak (Leitza) 22-11 hartu baitzituzten mendean Laso eta Razkin (Irurtzun). Jubenilena erotzeko modukoa izan zen. Okiñena-Huarte (Irurtzun) 8-17 aurreratu ziren, baina Sagastibeltza-Alkortak (Leitza) partida irauli, eta 21-18 jarri ziren aurretik. "Okiñenak eta Huartek animoak baretzen jakin zuten, eta 21-22 irabazita, finala berdindu genuen" dio Berazak.
Beraz, seniorren partidak erabaki zuen txapela. Ongayk eta Azpirozek (Irurtzun), maisuki, 2-22 irabazi zieten Txoperena-Goikoetxeari (Leitza). "Tanto guztiak gure aldera erortzen ziren, eta leitzarrak partidatik atera ziren. Gureek partida itzela egin zuten".

Sekulako aitortza
Irurtzunek lehenengoz Nafarroako Herrien Arteko Txapelketa irabazi izana "sekulakoa" da klubarendako. "Duela 43 urte Irurtzungo jubenila nintzen, eta Lesakaren kontra finalerdia galdu genuen. Duela 20 urte finala jokatu genuen, baina Lizarraren kontra galdu. 20 urteren ondoren trofeo hau izatea oso handia da. Klub batendako oso garrantzitsua da Herrien Artekoa irabaztea; herriarendako aitortza handia da, eta klubetik pasatu diren pilotari guztiendako ere bai".
Irurtzun Herrien Arteko txapeldunen klubean sartu da, Altsasu, Oroz Betelu, Leitza, Larraun, Bera, Goizueta, Lizarra, Iruñea, Uharte Arakil, Baztan, Uharte Iruñea eta Donezteberekin batera.

Miguel Beraza: "2005ean finala galdu eta 20 urteren ondoren trofeo hau lortzea oso handia da; herriarendako aitortza handia, eta klubetik pasatu diren pilotari guztiendako ere bai"
Euskal Herrikoari uko
Nafarroako Herrien Artekoa irabaztearekin batera, Euskal Herriko Herrien Arteko Txapelketako finalerdietara sailkatu zen Irurtzun. Asteartean Markina-Xemeinen kontra jokatzekoak ziren, baina, azkenean, uko egin zioten. "Gure pilotariak oso justu iritsi dira azken txanpara, lehertuta daude. Irurtzun beharrean Sakana izenarekin lehiatzea proposatu genuen, beste pilotariren bat gurekin aritzeko, baina ezinezkoa izan da. Pena handiz, baina Euskal Herrikoari uko egin behar izan diogu, bermerik gabe ezin ginelako aritu".

