Kalderete lehiaketan 27. edizioan hamabost lagun taldek eman zuten izena. Santi Morenok, eta Mitxel eta Miriam Rekaldek osatutako epaimahaiak dastatu zituzten kaldereteak. Lehen saria Txikis taldeak jaso zuen. Saria Luis Gallardok eta Oscar Hernandezek jaso zuten. Bigarren saria Los caldereros taldeak eskuratu zuen.
Eskuorga kronoigoera txapelketaren 27. edizioan 14 bikotek parte hartu zuten. Haien artean inoiz baino bikote gazteagoak izan ziren, tartean neska bikote bat eta bikote mistoak ere bai. Sailkapenari dagokionez, Aitorrek eta Iñakik irabazi zuten proba. Gaztetxoen mailako saria Nahiak eta Leirek eskuratu zuten. Bestalde, Irurtzungo erraldoi konpartsak Txantreako konpartsarekin batera kalejira egin zuen festetako azken egunean.
Sexu erasoak
Festetako lehen egunean bi pertsonak sexu erasoa jasan zutela gaztigatu zuten Barazkiguneak, Larrazpi gazte elkarteak, txoznek eta Irurtzungo emakumeen taldeak. Erasotuei babesa eta elkartasuna adierazi zieten. Gaztigatu zutenez sexu erasoak ez dira "egoera isolatu bat, baizik eta festa giroan ohikoa den jarrera bat, gure herriko jendeak ere egin dezakeena". Lau eragileek argi utzi zuten: "ez dugu inolako erasorik onartuko, berdin zaigu sexu erasoa, matxista, xenofoboa… izatea". Gaineratu zutenez, "erasoen aurreran ardura ez da gurea bakarrik, egoera honen berri dakien edonoren ardura da, guztiona". Gaineratu zutenez, "argi utzi nahi dugu nazkatuak gauden arren, lanean jarraituko dugu indarkeria matxista bukatu arte".