Udako unetxoak

"Neguan pentsatzen dut: nahi dut momentu hau iristea"

Erkuden Ruiz Barroso 2025eko abuztuaren 1a

Iraia Ongay, ezkerrean azpian, Irurtzungo festetan kuadrillarekin. UTZITAKOA

Arraltsaldea igerilekuan pasa ondoren, afaria hartu eta 'txoko sekretu' batean biltzen dira Iraia Ongay irurtzundarra eta lagunak. 

"Lasaitasuna". Hori da Iraia Ongay Moral irurtzundarrak udako unetxo gogokoenean sentitzen duena. Kuadrillarekin udan zehar "plan pila bat" egiten dituztela esan du gazteak, baina berari "asko" gustatzen zaio bat: igerilekuan egon ondoren, gauean, plazoleta deitzen dioten leku batean biltzea. Kuadrillaren toki sekretua dela esan daiteke; udako txoko serkretua. "Ez dago inor; bakoitzak bere afaria eramaten du eta hor egoten gara denbora pasatzen eta edozer gauzari buruz hitz egiten". Igerilekuan "ezer egin gabe" arratsalde osoa pasatzea da ere irurtzundarraren "unetxo on bat".

Oroitzapena 
"Niri gertatzen zait ikasturtean zehar, ikasten nagoenean, askotan pentsatzen dudala: nahi dut udako momentu hau iristea. Momentua iristen denean pentsatzen dut: jo, Iraia, momentu honekin disfruta ezazu, heldu dela!". Ikasturtean zehar kuadrillak horrelako unetxorik ez dituztela bizitzen esan du irurtzundarrak: "Ez gara orain bezala egunero geratzen, ez dugu egunero elkarrekin afaltzen...". Unetxo hauetan "etxekoekin" egotea bezala dela esan du: "Askotan esan dugu: etxean bezala egotea da". Ikasturte osoa dute elkarrekin ez egoteko. 

"Afaltzera eta hitz egitera elkartzen gara; kontua da elkarrekin egotea" 

Duela bi edo hiru urte hasi ziren "plazoletara" joaten, eta ordutik jarraitzen dute: "Plaza bat da, ez dago herrigunean, eta ez dago jenderik". Iraiaren kuadrillakoak eta lagunak biltzen dira bertan. Eguraldi txarrarekin, plan alternatiboak egiten dituzte, elkartzen dira, baina tokia aldatzen da: "Gauza da elkarrekin egotea". Gainera, sanferminak, Irurtzungo festak eta abar izan direnez, ez dute tarte askorik izan plazan elkartzeko. Aurten 18 urte bete dituztenez, elkarte desberdinetako bazkideak egin dira: "Orduan, eguraldi txarrarekin Erga Larrea elkartera joaten gara, Pikuxarren egoten gara...". 

Ikasturtea

"Ez dakit hitzekin nola azaldu sentitzen dudana: askatzen naiz, ez dago ardurarik"

Ikasturtean zehar udako unetxo hauetaz gogoratzen denean "ez dakit hitzekin nola azaldu zer sentitzen dudan: askatzen naiz". Egun hauetan "ez duzu ardurarik", eta sentipen hau urtean zehar gogoratzen du. Udako unetxo hauetan elkartzen direnean hitz egiten dute, eta zerbait gertatzen denean horri buruz hitz egin, "eta berdin dio konpon daitekeen edo ez, ez dago arazorik". "Libre" hitza erabili du ere. 

Udako momentutxo horrekin burura datorkion usainari buruz galdetuta, Iraiak ez du oso argi, eta antzeko zerbait gertatzen zaio kolore batekin identifikatzeko orduan: "Jo, orain ez zait bururatzen...". Kontuan izan behar da, unetxo horiek gauez izaten direla, udako gauek ematen duten iluntasun berezi horretan.