Pilota

Irurtzungo Masterseko puntua, Jaka-Zabaletarendako

Guaixe 2025eko irailaren 1a

Irurtzungo Biaizpe pilotalekuan bildutako pilotazaleek gozatu ederra hartu zuten. EITB

Ezkurdiaren eta Iztuetaren kontrako lehia gogorrean garaipena lortu zuten Jakak eta Zabaletak eta Masterseko finalerdietan egoteko puntu baliotsua lortu zuten

Asteburuan CaixaBank Masterseko seigarren jardunaldia jokatu zen. Irurtzungo Biaizpe pilotalekuak partida garrantzitsua hartu zuen abuztuaren 30ean, Ezkurdia-Iztueta eta Jaka-Zabaletaren artekoa. Lehenek hiru puntu zituzten eta bigarrenek bi, eta, hortaz, oso garrantzitsua zen jokoan zegoen puntua, Jakaren eta Zabaletarendako bereziki, bestela finalerdietan sartzeko borrokatik zintzilik geratuko liratekeelako. Baina Ezkurdiak eta Iztuetak laugarren puntua lortu nahi zuten finalerdietarako bidea ixteko, beraiendako ligaxkako azken jardunaldia baitzen. Horrela, eta aurreikusi bezala, Irurtzungoa partida oso borrokatua izan zen. 

Partida oso parekatua izan zen, gogorra. Ia ordu bat iraun zuen norgehiagokan 470 pilotakada gurutzatu zituzten bi bikoteek. Erritmo handian jokatutako partidan Ezkurdia eta Iztueta aurreratu ziren, 3-1, baina, gutxika, Jaka eta Zabaleta hasi ziren gailentzen. Etxeko frontoian sekulako pilotakadak jo zituen Zabaletak, eta Jakak errematean asmatu zuen. Horrela, 3-5 jarri ziren aurretik. Hortik aurrera partida berdindu zen eta ez zen dominatzaile argirik egon. Bi atzelariak sendo aritu ziren eta aurreko koadroetan alternantzia egon zen. 9-12ko atsedenaldiaren ondoren partidak Jakaren eta Zabaletaren kolore urdina hartu zuen. Gehiago dominatu zuten, eta 12-17 aurreratu ziren. Baina Jakaren akats batek airea eman zien Ezkurdiari eta Iztuetari, eta 18-17 jarri ziren aurretik sendo jokatuz eta Jakaren eta Zabaletaren zenbait akatsei esker. 

Bigarren atsedenaldiaren ondoren, eta guztia erabakitzeko zegoela Zabaletak dominatu zuen, Jakak errematatu eta 18-21 irauli zuten markagailua. Emozioak gehiago iraun zuen Irurtzunen, Ezkurdia eta Iztueta 20-21 hurbildu zirelako, baina Jakak txokoan dejada egin zuen eta 20-22 gailentzeaz gain, Masterseko hirugarren puntua lortu zuten Jakak eta Zabaletak, puntu garrantzitsua, finalerdietako borrokan jarraitzea ahalbideratzen diena. 

Sailkapena eta azken jardunaldia
Sei jardunaldi jokatuta, Zabala-Mariezkurrena, Ezkurdia-Iztueta, Altuna III.a-Imaz eta Jaka-Zabaleta daude lehen lau postuetan edo finalerdietan, hiruna punturekin. Larrazabal-Rezustak eta Elordi-Albisuk bina puntu dituzte, eta Artola-Martijak bakarra. 

Asteburuan ligaxkako zazpigarren eta azken jardunaldia jokatuko da. Irailaren 5ean, ostirala, Artola-Martijak Elordi-Albisu izango dituzte aurkari, Lekeition. Lehenek ez dute finalerdietara sailkatzeko aukerarik, baina bigarrenek hirugarren puntua lor dezakete eta muturra sartu. Irailaren 6an, Altuna III.a-Imazen eta Jaka-Zabaletaren arteko lehia hartuko du Lekeitiok. Garaileak laugarren puntua lortuko du eta finalerdietarako txartel zuzena, eta galtzailea gainontzekoen emaitzen esperoan geratu beharko da. Azkenik, irailaren 7an, igandea, Zabala-Mariezkurrenaren eta Larrazabal-Rezustaren arteko lehia jokatuko da Legution. Ezkurdiak eta Iztuetak ez dute jokatuko, eta gainontzekoen emaitzen eta tantoaveragearen zain geratuko dira finalerdietara sailkatzen diren edo ez jakiteko.