Areto futbola

Osasuna Magna Xota, denboraldi berrirako anbiziotsu

Guaixe 2025eko irailaren 4a

Aurkezpenean giro ona izan zen nagusi. JESUS AGUIRRE

Areto futboleko lehen mailako talde irurtzundarrak irailaren 3an egin zuen aurkezpena, Anaitasunan. Taldeak “gogotsu” ekingo dio denboraldiari eta irailaren 7an Peñiscola hartuko du, etxean

Anaitasuna klubeko instalazioetan aurkeztu zuen bere burua 2025/2026 denboraldiko Osasuna Magna Xotak. Areto futboleko lehen mailako talde irurtzundarrak aldaketa garrantzitsuak izango ditu aurten. Batetik, Roberto Martil kapitain ohi irurtzundarra Miguel Hernandez entrenatzailearen laguntzailea izango da aurten, bigarren entrenatzailea. Horretaz gain, Xotako harrobia kudeatuko du Martilek. Bestetik, plantillan ere zenbait baja eta alta izan dituzte. 

2025/2026ko Osasuna Magna Xotak hamahiru jokalari izango ditu. Horietatik hiru irurtzundarrak dira: Asier atezain eta kapitain, Ion Cerviño hegal-atzelaria eta Dani Saldise hegala. Haiekin batera Alejandro Palazon, Juninho, Cuello, Linhares, Geraghty, Pachu, Ortas, Korsun, Marra eta Josu Mendivek osatuko dute taldea.

Miguel Hernandez entrenatzaileak nabarmendu zuenez, “anbizio askorekin” ekingo diote denboraldi berriari, “beti ere umiltasunetik”. Halaber, zaleei taldea babesten jarraitzea eskatu zien, “pabiloia gotorleku bilakatuz”. 

Babesleen mezuak
Magnesitas de Navarra babesle nagusiko Edurne Iriguibelek bi taldeen arteko elkarlana eta harremana “oso luzea” dela nabarmendu zuen, “logotipo bat baino askoz ere sakonagoa”. Nafarroako Futbol Federazioko presidenteorde Jose Carlos Gardek Nafarroan areto futbolaren gorakada nabarmendu zuen eta Osasunako presidenteorde Cesar Muniainek Xota klubaren juntak egindako lanari aitortza egin zion. “Lan handia dago atzean, ikusten ez dena”. Azkenik, Iruñeko Udaleko Maider Beloki zinegotziak udalak Xotaren proiektuari ematen dion babesa berretsi zuen, eta Nafarroako Gobernuko Kirol eta Kultura kontseilari Rebeca Esnaolak ligako titulua borrokatzeko play-offetara sailkatzera animatu zuen Xota. 

Xotako presidente Tatono Arregik elkartasunezko mezu sendoa eman zuen. “Kirolak elkargunea izan behar du. Stop gerrei, sarraskiei eta genozidioari”. 

Lehengo aurkaria, Peñiscola
Lehen mailako areto futboleko 2025/2026 liga hastear da. Irailaren 7an, igandea, Osasuna Magna Xotak Peñiscola taldea hartuko du Anaitasunan, 12:30ean hasiko den partidan. Etxean hastea garrantzitsua da taldearendako. Abuztuaren 31n Ribera Navarra taldeari ATP Trofeoa irabazi berri (4-6), talde irurtzundarra "gogotsu eta animatuta" iritsi da liga hasierara. "Oso ongi iritsi gara liga hasierara, konfiantzarekin" nabarmendu du Dani Saldise irurtzundarrak. "Fisikoki ongi gaude, jokoa ongi irakurtzen dugu; horretan guztian lanean gaude liga ongi hasi ahal izateko" gaineratu du.

Bazkide kanpaina martxan
Bitartean, martxan dago Xotako bazkideen kanpaina, "Marea Berdea, gure jendearen boterea". Klubak Anaitasuna gotorleku berdean bilakatu nahi du, eta zaleei bazkide egiteko deia egin die.