Udalak lurzorua erosteko dirulaguntzetarako ordenantza onartu du

Guaixe 2025eko irailaren 9a

Irurtzungo ikuspegia. ARTXIBOA

Ohiko bizilekurako lurzoruaren kasurako da. Irurtzundarrek eskatzeko aukera izanen dute, baldin eta herrian gutxienez bi urtez erroldatuta badaude.

Udalerrirako interes soziala duen jarduera bat sustatu asmoz, Irurtzungo Udalak bere funts publikoak erabiliko ditu irurtzundarrek herrian etxebizitza eraikitzeko lurzorua eros dezaten. Onartutako ordenantzak jasotzen duenez, Irurtzunen bertan erosten den lurzoruaren erosketa lagunduko du udalak, baldin eta lursaila ondoren ohiko bizilekurako bideratzen bada. Erosleak beti ere kontuan izan beharko du aplikatzekoa den plangintzako zehaztapenak eta dagokion eraikuntza proiektua egin beharko du. 

Udalerriko bizilagunek tratu-berdintasuna bermatuta izanen dute dirulaguntzak eskuratzeko orduan. Eskatzaile bat baino gehiago baleude, haien balorazioa araudiaren arabera baloratuko ditu udalak. Familia unitatea izanen da dirulaguntzaren hartzailea. Eskatzaileek ez dute etxebizitzarik izan behar jabetzan, edo etxebizitza libre edo babestu desegoki baten titularra izan eta han bizi behar dute. 

Laguntzaren zenbatekoa
Udalbatzak lurzatien dirulaguntzetarako gehieneko prezioa finkatuko du urtero. Zehazki, udal erabakiak finkatutako lizitaziorako oinarrizko prezioaren eta dagokion lurzatiaren erosleak benetan ordaindutakoaren arteko aldea lagunduko udalak, baina ezin du gainditu lizitaziorako oinarrizko prezio horren bikoitza. 

Esan bezala, ezarritako prezioaren eta ordaindutakoaren arteko alde da udalak ordainduko duena. Eta %100ekoa izan daiteke. Eskatzaileak laguntzaren erdia jasoko du lurzatia erostean Irurtzunen erroldatuta bi urte edo gehiago daramatzala. Beste %40 jasoko du aurreko baldintza betetzeaz aparte 35 urte baino gutxiago baditu. Eta bi baldintza horiez gain familia ugaria bada beste %10 gehiago jasoko luke. 

Ordenantzaren berri Nafarroako Aldizkari Ofizialeko agorrilaren 12ko zenbakian dago.