Lehen mailako areto futboleko 2025/2026 liga ezin hobe hasi du Osasuna Magna Xotak. Talde irurtzundarrak Peñiscola hartu zuen irailaren 7an Anaitasunan. 1.395 zale bildu ziren ligako lehen partidan.
Partida bizia izan zen, erritmo handikoa eta oso borrokatua. Peñiscola berehala aurreratu zen, baina Dani Saldise irurtzundarrak bana berdindu zuen berehala. Dani Saldisek sartutako penalti bati esker 2-1 aurreratu ziren irurtzundarrak, baina gutxi iraun zuen pozak, Peñiscolak bina berdinduz eta 2-3 aurreratuz erantzun baitzuen. Atsedenaldiaren ondoren partidari buelta ematera atera zen Xota, eta Pachuk hirunako berdinketa lortu zuen. Tamalez, hirugarrenez Peñiscola aurreratu zen, Eliasek 3-4koa jarri baitzuen markagailuan. Partida ikusgarria izaten ari zen, eta Xotako zaleek inoiz baino gehiago animatzen zuten. Juninhok, penalti bikoitzari esker launako berdinketa lortu zuen. Miguel Hernandezek atezain jokalariaren formula erabili zuen, eta Pachuk bosgarren gola sartu zuen. Peñiscolak jokaldia berrikustea eskatu zuen, aurretik falta zegoela azalduz –lehenengoz arbitrajea laguntzeko bideoa erabili zen–, baina epaileek ez zuten faltarik ikusi eta bosgarren gola markagailua igo zen. Horrela, 5-4 irabazita, garaipena eta hiru puntuak etxean geratu ziren.
Hiru aldiz kontrako markagailuari buelta emanda, garaipen oso landua lortu zuen Xotak, zaletasuna sortzen duen partidan. “Liga hasteko modu ona da. Aurre denboraldian ongi egin dugu lan, eta fruitua jaso dugu. Iruñean indartsu egiten gara. Baina orain errekuperatu beharra dugu, eta irailaren 10eko Barcelonaren kontrako partidan zentratu”.
Hurrena, Barça
O Parrulo Ferrol da lehen mailako lehen liderra (3 puntu). Osasuna Magna Xota hirugarren da (3 puntu). Ligako bigarren jardunaldian, irailaren 10ean, asteazkena, Xotak Barça du aurkari, Bartzelonako Palau Blaugranan, 20:30ean. Hirugarren jardunaldian Xotak Family Cash Alzira taldea hartuko du irailaren 13an, larunbata, 16:00etan Anaitasunan.
Kubalari omenaldia
Partida hasi baino lehen Antonio Vilches ‘Kubala’ omendu zuen Xotak. Kubala taldeko material eta tresneria arduraduna izan da 30 urtez, eta berriki erretiroa hartu du.