Kultur eta kirol eskaintza prest du udalak

Guaixe 2025eko irailaren 16a

Irurtzundarrak San Miguel kalean behera. ARTXIBOA

Helduendako aisialdi ikastaroak eta ariketa fisikoa egiteko jarduerak osatzen dute udal eskaintza.

Irurtzundarrek kultur edo kirol jarduerak egiteko aukera izanen dute udalaren eskutik. Izan ere, hainbat ikastaro antolatu ditu ikasturte berrirako. Honako jarduerek osatzen dute Irurtzungo Udalaren eskaintza: antzerkia, irakurketa kluba euskaraz eta gaztelaniaz, marrazketa eta margotzea, gorputz jarrerak zuzentzea, pilates, bizkortzea-GAP, kirol entrenamendua, adinekoendako mantentze gimnasia eta spinning-a. 

Udalak antolatutako jardueraren batean izena eman nahi duenak hilaren 25era arteko epea du. Matrikulatzeko irurtzun.eus webgunean dagoen formularioa bete behar da. Matrikula egiterakoan izen-abizenak eta ikastaroaren izena adierazi behar da. Matrikula ordaintzeko udaletxean txartelarekin egin daiteke, edo transferentzia egin udalaren kontu korronteren batera. Ordainketa eginda, formulario betea eta ordainketaren froga agiria udaletxean edo kultur etxean aurkeztu behar da. Deialdiari buruzko informazio xehea aipatu webgunean dago. 

Udalak berak jakinarazi duenez, Irurtzunen bestelako ikastaroak ere izanen dira: euskara, ingelesa, helduendako hezkuntza, arabiera, yoga, joskintza, fibromialgia eta neke kronikoa dutenendako saioak, abesbatza, bertso eskola, gimnasia artistikoko hastapena, Kangoo jumps, korrika egiteko taldea, mikologia hastapena, marrazketa eta pintura, mugimendu adierazkorra, zirkua, euskal dantzak, joaldunak, esku pilota, areto futbola, karatea, kick boxinga, harri jasotze eskola, carplasteria eta dantza.