Areto futboleko lehen mailan bigarren jardunaldia jokatu da. Osasuna Magna Xotak Barça bisitatu zuen Palau Blaugranan, baja garrantzitsuekin. Geraghty eta Marra lesionatuta daude, Linhares azken orduko baja izan zen, eta Juninho Cartagenara joan da. Hala ere, ederki jokatu zuen Miguel Hernandezen taldeak.
Aurreikusi moduan, hasieratik partida oso sutsua izan zen. Hasi eta berehala, 2. minutuan, Ion Cerviño irurtzundarrak gola sartu zuen, falta zuzenaz, eta 0-1 aurreratu zen Xota. Baina talde irurtzundarrak min gutxi egin zion Barçari, di-da batean, eta nafarren akatsak probestuz, 2-1 jarri baitzen aurretik. Nolanahi ere, talde berdeak ez zuen amore eman, gol aukerak sortzen hasi zen eta atsedenaldia baino lehen Korsunek bina berdintzea lortu zuen, Barçako atezainaren irteera kaxkarra aprobetxatuz. Xotak maila handian jokatu zuen.
Bigarren zatian Barça ederki hasi zen, bi gol sartu baitzituen, 4-2 aurreratuz. Partida bukaeran, Dani Saldisek atezain-jokalariaren kamiseta jantzi zuen. Mendivek Xotaren hirugarrena sartu zuen, 4-3 hurbilduz, baina Barçaren bosgarren golak partida erabakita utzi zuen (5-3). Ederki borrokatuz eta burua tente erori zen Xota. Positiboena Aimar Iraurgi Marcos 17 urteko jokalari altsasuarraren debuta izan zen.
“Bartzelonara garena defendatzera etorri gara, eta pistan argi utzi dugu. Partida xehetasunengatik erabaki da” nabarmendu zuen Miguel Hernandez entrenatzaileak.
Orain, Alzira
Ligako hirugarren jardunaldian, Osasuna Magna Xotak Alzira taldea hartuko du irailaren 13an, 16:00etan, Anaitasunan. O Parrulo Ferrol da liderra (6 puntu), Osasuna Magna zortzigarren da (3 puntu) eta Family Cash Alzira hamaseigarren da, punturik gabe.