Areto futbola

Osasuna Magna Xotaren erakustaldia

Guaixe 2025eko irailaren 15a

Ion Cerviño Asier Llamas besarkatzen. JESUS AGUIRRE

Family Cash Alzira taldearen kontra garaipen ederra lortu zuten irurtzundarrek. Selekzioak dituen lagunarteko partidak direla eta, irailaren 27ra arte ez da ligako partidarik jokatuko

Lehen mailako areto futboleko ligako hirugarren jardunaldian Osasuna Magna Xotak Family Cash Alzira taldea hartu zuen Anaitasuna pabiloian. Hasieratik partida oso borrokatua izan zen, eta bi taldeek makina bat aukera sortu zituzten, tartean Ion Cerviño irurtzundarrak, baina baloiak ez zuen sartu nahi izan. Alzira izan zen markagailuan aurreratu zena, Darrieerrek sartutako golari esker. Talde berdeak bazekien aukerak sortzea baino zerbait gehiago egin behar zuela. Albert Ortas behin baino gehiagotan saiatu zen, eta azkenean bana berdintzea lortu zuen errekuperazio baten ondoren egindako jaurtiketari esker. Aukera gehiago izan ziren, baina banakako berdinketarekin joan ziren atsedenaldira. 

Bigarren zatian Alzira berdinketa lortzera atera zen. Zorigaiztoko jokaldi batean baloiak Korsunen hankaren kontra jo zuen eta errebotez Asierren atera sartu zen, Alzirak bina berdinduz. Xotak ez zuen behera egin eta Pachuk berdinketa apurtu zuen, 3-2 aurreratuz. Erasoan jarraitu zuten Miguel Hernandezen mutilek, eta 5 minutura Albert Ortasek laugarrena sartu zuen. Talde irurtzundarrak, zaleen animoaz lagunduta, Alzira estutzen jarraitu zuten. Ion Cerviñok pare bat aukera izan zituen, baina Asier atezaina izan zen, Alziraren atea hutsik ikusita, atezain-jokalari jokatzen ari baitziren, bere atetik jaurtiketa ikusgarria egin eta Osasuna Magnaren bosgarren gola sartu zuena. 5-2 irabazita, pozik dago talde berdea. 

“Taldea sendotu da, heldu da. Partida zailean sufritzen jakin izan du, eta egoerak aprobetxatzen jakin du” nabarmendu zuen Miguel Hernandez entrenatzaileak. Alziraren kontra lortutako garaipenari balio handia eman zion entrenatzaileak. 

Atsedenaldia baino lehen, zazpigarren
Lehen mailako hiru jardunaldi jokatuta, Jimbee Cartagena Costa Calida da liderra (7 puntu). Osasuna Magna Xota zazpigarren da (6 puntu). Espainiako selekzioak jokatuko dituen lagunarteko partidak direla eta –Asier Llamas Xotako atezaina deituta dago–, asteburuan ez da ligako partidarik izango. Laugarren jardunaldia irailaren 27an jokatuko da, eta talde irurtzundarrak Galizian jokatuko du, O Parrulo Ferrolen kontra, 21:00etan.