Areto futbola

Nafarroako Koparako finalera, harrobiko sakandarren laguntzarekin

Guaixe 2025eko irailaren 18a

Osasuna Magna Xota lehen taldearekin jokatu zuten juniorrak: Oier Amezgarai, Aimar iraurgi, Julen Fernandez, Mikel Anso eta Javier Larrea. XOTA

Osasuna Magna Xotak San Juan hartu zuen mendean Nafarroako Kopako finalerdian. Aimar Iraurgi, Javi Larrea, Oier Amezgarai eta Julen Fernandez juniorrek talde nagusiarekin jokatu zuten

Irailaren 16an Osasuna Magna Xotak eta San Juan Kirol Elkarteak Nafarroako Futbol Federazioko Nafarroako Kopako finalerdia jokatu zuten San Juanen. San Juanek bigarren B mailan jokatzen du eta 2025/2026 denboraldiko ligan soilik partida bat jokatu du. Aldiz, Osasuna Magna Xotak lehen mailan jokatzen du eta ligan dagoeneko hiru jardunaldi jokatu ditu. Beraz, talde irurtzundarraren ofizioa eta errodajea nabarmendu ziren partida hasieratik. 

Xotak Asier Llamas atezainaren baja zuen, selekzioarekin kontzentratuta baitago. Alejandro Palazonek hartu zuen bere tokia. Miguel Hernandezek Xotaren harrobiko jokalariei minutu asko eman zizkien. Tartean zeuden Aimar Iraurgi, Oier Amezgarai, Javi Larrea, Julen Fernandez eta Mikel Anso. 

Sakanako juniorrak, oso ongi
Xotak 1-7 hartu zuen mendean San Juan, Korsun, Aimar Iraurgi, Gustavo Marra, Iosu Mendive (2), Oier Amezgarai eta Dani Saldisek sartutako golei esker. Primerako debuta egin zuten gazte sakandarrek, ongi jokatzeaz gain Aimar Iraurgik eta Oier Amezgaraik gol bana sartu zutelako. Harrobia indartsu dator. “Oraindik oso gazteak dira, baina Kopako partida honek aukera ederra eman die. Denboraldiaurre guztia gurekin entrenatzen aritu dira, eta gaurkoa egindako lanaren saria da. Inork ez die ezer oparitu, eta lanean jarraitu behar dute, pausoak ematen, kalitatea dutelako. Euren lanarekin oso eskertuta gaude” azaldu zuen Miguel Hernandez entrenatzaileak. 
 
Nafarroako Kopako beste finalerdia urriaren 15ean jokatuko dute Tafak eta Ribera de Navarrak. Xotak irabazlearen kontra jokatuko du finala, oraindik zehaztu ez den epean. 

Argazkiak: XOTA