Irurtzungo Udalak autoak aparkatzeko tokiak egokitzeko bi lan eman nahi ditu. Lanek, guztira, 289.563,06 euroko (BEZ barne) aurrekontua dute. Lanak bi lotetan banatu ditu udalak. Alde batetik, zinema hartu zuen tokia aparkaleku bihurtzeko 147.622,61 euro bideratu ditu. Eta, bestetik, 141.940,45 euro daude gaztetxoko ondoko aparkalekua egokitu eta haren irisgarritasuna hobetzeko. Kontratua eskuratzeko eskaintzak lastailaren 20ko 23:59ra arte aurkez daitezke. Esleipena eskuratzen duen enpresak hiru hilabete izanen ditu lanak egiteko.
Berria

Zinema zaharra zegoen tokiak 665,79 m2-ko azalera du. Mendebaldean San Migel kalea du, ekialdean Gernika parkea eta aldeetara etxebizitza eraikinak. Irurtzungo Udalak han aparkalekua egin nahi du, inguruan dauden aparkatzeko arazoak txikitzeko. Ibilgailuendako sarbidea Artadia eta San Migel kaleen izkinan izanen da. Artadia kaleko etxebizitzei paraleloa den bide bat eginen da eta haren aldeetara autoek aparkatzeko plazak eginen dira. Bidea etxe dorrea eta parkea banatzen duen kalearekin bat eginen du eta ibilgailuak handik aterako dira.
Aparkalekuak gaur egun dagoen %8ko malda izanen du eta han 33 autorendako tokia izanen da, haietako bat mugikortasun mugatua duten pertsonendako izanen da. Autoendako bidea porlanezkoa izanen da eta aparkamendu plazetan porlanezko saretak jarriko dituzte, tarteetan belarra hazten den horietakoa. San Migel kalean bi metro arteko altuera hartzen du partzelak. Lurrari eusteko aurrez fabrikatutako porlanezko piezak jarriko dira.
Larraun eta Ugaldeta kaleetako aparkalekua
Irurtzungo Udalak aparkalekua egokitzeko lanak emateko deialdia joan den urteko abenduan egin zuen eta deialdira ez zen enpresarik agertu. Atzera egin du deialdia. Udalak aparkaleku horretan lau lan egin nahi ditu. Batetik, gaztetxokoaren hegoaldea egokituko du. Eraikinaren sarrera nagusiaren ondoan zolatutako gune bat jarriko da eta han eserlekuak eta altzariak izanen dira, gaztetxokoa biltzeko edota atseden hartzeko gune txiki bat izan dadin. Horretan laguntzeko inguruan dagoen edukiontzien ilara espaloiaren mailan jarriko da, horretarako lurzorua beheratuz. Gaztetxokoaren ondoan bi auto elektriko aparkatzeko eta kargatzeko gunea izanen da.
Bestetik, aparkalekuko zorua txukuntzea izanen da, hala drainatze arazoak konpontzeko. Aparkalekuak zirkulazio perimetral nagusia eta barruko kaleak asfaltozkoak izanen dira. Ibilgailuak aparkatzeko tokietan, berriz, porlanezkoak izanen dira. Lan horiekin batera, hirugarren egitekoa aparkalekurako sarbide irisgarria da. Ugaldeta eta Larraun kaleen bidegurutzean hiru ataleko arrapala irisgarria eta eskailera eraikiko dira. Hori egiteko egungo espaloia errespetatuko da eta aparkalekuari zati bat kenduko zaio. Azkenik, Ugaldetak kaleko aparkalekurako sarbidearen ondoan behar bereziak dituzten pertsonen ibilgailuek aparkatzeko bi plaza egokituko dira. Horretaz aparte, aparkalekua pixka bat handituko denez, gaur egun espaloia okupatzen duten edukiontzien ilarak hartzeko espazio bat sortuko da.