Joan zen urtean 75 urte bete zituela eta, Irurtzun eta Aralarko santutegiaren arteko joan-etorria bizikletan egin nahi izan Matilde Fernandez Zurbano txirrindulariak. Euritan ari zuen eta ezin izan zuen ametsa bete. Udaberrirako utzi zuen. Eta, orduan ere, eguraldiak ez zion aukerarik eman. Larunbatekoa hirugarren saiakera izanen da.
Oraingoan bere nahiak eta En bici sin edad Pamplona elkartearen premiak bat egin dute. Azken horrek triziklo bat erosi nahi du. Elkarteko boluntarioek gidatutako bizikleta berezi horretan adinduei eta ezgaitasuna duten pertsonei paseoak eman nahi dizkiete Iruñean. Antzeko ekimena bada Corellan. Trizikloa erosteko elkarteak 7.600 euro behar ditu. Diru hori lortzeko Mi grano de arena plataforman crowfunding kanpaina, (migranitodearena.org), martxan jarri dute.
Ekimen horri ikusgarritasuna emateko, Bizikume (bizikleta eta emakumeren laburdura) taldeko txirrindularia larunbatean, 10:00etan, pedalei eragiten hasi zen Irurtzungo plazan. Handik Lekunberrirantz jo zuten, santutegirako bidea hartzeko. Bizikumeko bederatzi kidek eta hiru gizonezkok egin zuten joan-etorria, 60 km inguru. Bidean ez zuten inolako intzidentziarik izan.
Txirrindulariak bere bidea egiten zuen bitartean, erosi nahi den trizikloaren moduko bat Irurtzungo plazan izan zen, Corellatik ekarria. Hartan buelta bat eman nahi zuen guztiak aukera izan zuen, 11:00etatik 14:00etara. Doako bidaiak izan ziren. Aipatu elkarteko kideak izan ziren trizikloa gidatu zutenak.
Fernandez 60 bat urterekin hasi zen bizikletan ibiltzen, mendi bizikletarekin zehazki. Duela bi urte bizikleta elektrikoa erosi zuen. Bizikumeko kide, ordutik taldean jartzen dituen hainbat erronka bete ditu, aurten 20 gain igotzea. Eginak ditu Donejakue bidea eta Donostiako emakumezkoen triatloia.


