Atakondoa ikastetxeko Haur Hezkuntzako (HH)1. mailako D ereduko ikasleen gurasoak jakinarazi dutenez, ikasturte hasieratik 3 urteko gelan 24 haur daude tutore bakarrarekin. Azaldu dutenez, "iraila baino lehen eta eskolako plantilla osatu aurretik, Hezkuntza Departamentuak bazekien epez kanpo haur baten matrikula zegoela. Lau eguneko epeagatik ez da D ereduko 3 urteko taldea bi gelatan banatu".
Gurasoek azaldu dutenez, "Atakondoa eskolan HHko etapan azpiegitura aproposa dago taldea bitan banatzeko. Baina talde bakarrean daudenez, 24 haur gela batean egoteko espazioa oso txikia da, eta bi espazio erabili beharrean daude. Baina erreferentziazko pertsona bakarra denez, bi espazio ezberdin gainbegiratu behar izatea ezinezkoa suertatzen da". Gurasoek galdetu dute: "egunen batean zerbait larria gertatuz gero, norena izanen da ardura? Hezkuntza Departamentuarena? Izan ere, 3 urteko talde horren errealitatea ezagututa, ezin zaio horrelako ardura tutore bakar bati egotzi".
Argudioak
Gurasoek azpimarratu dutenez, "gaur egun HHko ratioa 23 haurrekoa da eta, berriki, ratioak 20ra jaistea hitzartu da. Horrek agerian uzten du azken ekintzak irudi bat baino ez dutela bilatzen, ikasleen eta hezkuntza-taldearen beharrei benetan heldu gabe". Haien iritziz departamentuari "haurren ongizatea eta osasuna baino, matrikulazio datak eta aspektu ekonomikoa inporta zaizkio bakarrik".
Legediari erreparatuz, gogorarazi dutenez, "61/2022 Foru Dekretuan, Ekainaren 1ekoan, Haur Hezkuntzako xede gisa ikasleak beren garapen integral nahiz harmoniatsuan laguntzea aipatzen da. Baina halako ratioarekin ezinezkoa suertatzen da tutore bakarrak 3 urteko haurren aniztasunari erantzun eta akonpainamendu egokia eta gertukoa egitea. Are gehiago, alergia kasuak, euskara ulertzen ez duten haurrak, inoiz eskolaratuak ez diren haurrak, fardela behar dutenak, kultura eta ohitura desberdinak dituztenak, eta abar gela berdinean elkartzen direnean".
Gaineratu dutenez, "dekretu horren 13. artikuluan, hezkuntza jarduera haur bakoitzaren ezaugarri, behar, interes eta estilo kognitibora moldatuko dela aipatzen da". Horren harira galderak egin dituzte: akaso posiblea al da eskolan hasi berriak diren 3 urteko 24 haur ongi ezagutzea? Eta beren behar, interes eta kogniziora moldatzea proposamenak? Akaso uste duzue erreferentziazko tutore batek hori egin dezakeela aparteko laguntzarik gabe? Ba, aldez aurretik esanen dizuegu hori ezinezkoa dela". Horregatik eskatu dute "hezkuntzako ordezkariren bat eskolara etortzea eta gure seme alaben egoera behatzea".
Legedian aipatzen den haurtzaroaren kultura errespetatzeari, hezkuntza inklusioari eta Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsala aplikatzeari toki garrantzitsua horrela ezin dela eman ziurtatu dute. Halako talde zabal batekin legean jasotako kalitatezko hezkuntza inklusiboa ez dela betetzen nabarmendu dute. "Izan ere, HHko lehen urteek haurren garapenean izugarrizko garrantzia dute eta ratio horrek ez ditu ez ikasleen eskubideak, ezta HHko lehen urteetan horren garrantzitsua den haurren kalitatezko garapena bermatzen". Egoera horri irtenbidea lehenbailehen ematea exijitu dute.