Areto futbola

Zapore gutxi duen berdinketa

Guaixe 2025eko irailaren 29a

Osasuna Magna Xota, Ferrolen. XOTA

Osasuna Magna Xotak bina berdindu zuen O Parruloren kontra Galizian jokatutako partidan

Lehen mailako ligako laugarren jardunaldian, Osasuna Magna Xotak O Parrulo izan zuen aurkari Ferrolen jokatutako partidan. Talde berdea bitan aurreratu zen, eta bitan berdintzea lortu zuen talde galiziarrak. Ion Cerviño irurtzundarrak sartu zuen lehen gola, falta ikusgarria jaurti eta gero. Gol aukera gehiago izan zituzten berdeek, baina kontraerasoan bana berdindu zuen O Parrulok. 

Bigarren zatian Osasuna Magna Xotak partidaren jabetza zuen, eta une horiek talde berdearen onenak izan ziren. Gol aukera nabarmenak huts egin zituzten, baina azkenean Mendiveren jaurtiketa sare barruan sartu zen eta 1-2 aurreratu ziren berdeak. O Parrulo erasora pasa zen eta atezain-jokalariarekin jokatu zuten. Zorigaiztoko errebote batek Dani Saldise jo, eta Xotaren ate barrura sartu zen baloia. Horrela, zapore mingotseko binakako berdinketarekin despeditu zen partida. 

Miguel Hernandez entrenatzaileak Ferrolen lortutako puntuari balioa eman dio. “O Parrulo plaza zaila da. Dena den, bigarren zatian tarte gehiago ateratzeko aukera izan dugu, eta ez dugu aprobetxatu” penatu zen. “Asko estutzen dugun taldeak gara biak, eta partida gogorra izan da, edozeinen aldera erori ahal izan dena. Kontrako atean asmatzea falta izan zaigu, defentsan estutu gaituzte; trantsizioetan sortu dira aukerak” nabarmendu zuen. 

Hurrena, Noia
Lehen mailako liderra Jimbee Cartagena da (10 puntu), Barçarekin puntutara berdinduta. Osasuna Magna Xota zazpigarren da (7 puntu). Bosgarren jardunaldian talde berdeak Noia Portus Apostoli talde galiziarra hartuko du, urriaren 3an, 20:00etan, Anaitasunan.