Osasuna Magna Xotak hiru partida jarraian jokatuko ditu etxean. Lehendabizikoak, ordea, ez du zapore ona utzi. Urriaren 3an, ostiralarekin, talde berdeak Noia Portus Apostoli taldea hartu zuen. Partida zaila izango zela aurreikusten zuten berdeek, baina, hala ere, ezin hobe hasi zen talde nafarrarendako, 3. minuturako Dani Saldisek Pachuk egindako asistentzia Noiaren sare barrura sartu baitzuen. Noiak ez zuen behera egin eta berdinketaren bila hasi zen berehala; lehen zatiaren erdirako lortu zuen, eta banakako berdinketa ezarri zuen markagailuan.
Hortik aurrera berdinketa apurtzen saiatu ziren bi taldeak. Noiak irurtzundarren saiakerak ekiditen zituen, eta galiziarren presioak ez zuen jokoa errazten. Asier Llamas atezainak lan handia egin behar izan zuen galiziarren erasoen aurrean. Euren atezainak ere oso aurreratuta jokatu zuen, beste jokalari bat bailitzan. Bigarren zatian egoerak bere horretan jarraitu zuen, bi taldeen erasoekin. 10 minuturen faltan, Xota jokalari bat gutxiagorekin geratu zen Gustavo Marrak txartel gorria ikusi zuelako, falta baten ondorioz. Noiaren erasoak biderkatu ziren, eta Asier Llamasek denetariko geldiketak egin zituen; partidako jokalari onenetako bat izan zen. Noiako Ismaelek bigarren txartel horia ikusi zuen eta bi taldeek jokalari kopuru berberarekin egin zuten aurrera, jokoa parekatuz. Tamalez, partida bukatzeko minutu eta erdiaren faltan, Noiak gola sartu, eta 1-2 aurreratu zen. Talde irurtzundarra saiatu zen, baina markagailua ez zen gehiago mugitu eta porrot gogorrarekin despeditu zen partida.
Berdeek jota despeditu zuten partida. “Izorratuta gaude. Xehetasunek erabaki dute partida” nabarmendu zuen Miguel Hernandez entrenatzaileak. Partida “oso parekatua” espero zuen Xotak, eta hala izan zen. “Halako partida paretsuetan xehetasunek erabakitzen dute, eta hala izan da. Gauzak hobeki egin ahal genituen, baina beraiek meritu handia izan dute baita ere. Bakoitzak bere armak erabili ditu, eta, tamalez, azken unean aurreratu dira” gaineratu zuen.
Hurrena, Palma Futsal
Lehen mailako liderra Jimbee Cartagena da (10 puntu). Osasuna Magna Xota zazpigarren da (7 puntu). Urriaren 7an, asteartean, Osasuna Magna Xotak sailkapenean laugarren den Palma Futsal (8 puntu) hartuko du, 21:00etan. Zortzigarren jardunaldiko partida da, aurreratuta jokatuko dena. Miguel Hernandezek oso partida parekatua espero du baita ere.