Areto futbola

Osasuna Magna Xotaren garaipen epikoa

Guaixe 2025eko urriaren 8a

Osasuna Magna Xotak azken segundotan irabazi zuen. XOTA

Palma Futsalen kontra azken segundoetan lortu zuen garaipena, “gu geu izanda”, Miguel Hernandez entrenatzailearen hitzetan

Osasuna Magna Xotak aurreratutako partida jokatu zuen atzo Palma Futsalen kontra, Anaitasunan. Izan ere Palma Futsalek Championsa jokatuko du, eta horregatik aurreratu zuten ligako zortzigarren jardunaldia. Miguel Hernandezen mutilek partida zaila zuten aurretik, Palma Futsal talde oso ona baita, baina partida oso ona egin zuten, fedea izan zuten, eta hiru puntuak etxean geratu ziren. 

Talde irurtzundarra oso entxufatuta hasi zen hasieratik. Horri esker, Ion Cerviñok markagailua mustu zuen, baina 3 minutu beranduago bana berdindu zuen Palma Futsalek. Palmak eraso gogorra jo zuen, baina Asier Llamasek atea bikain gorde zuen. Xota saiatzen zen, baina ezin. Atsedenaldia baino lehen 2-1 aurreratu zen talde berdea, penalti bikoitzagatik. Bigarren zatian erasora atera zen Palma, baina Asier Llamas ikusgarri aritu zen atean. Tamalez, Palmak bina berdintzea lortu zuen eta partida erotu zen. Falta zalantzagarri bati esker, Xotak protestatu zuena (arbitroak Xotako staff-eko kide bat kanporatu zuen) 2-3 aurreratu zen Palma Futsal. Xota modu guztietara berdintzen saiatu zen, baina Palmako Dennis atezainak haien asmoak zapuztu zituen. Pachuk jaurtiketa ikusgarri bat egin zuen, eta hori ezin izan zuen gelditu. Hiruna berdindu zuen Xotak, eta partida zabal-zabalik zegoen berriro. 

Azken segundo zoroetan, urrutitik egindako jaurtiketa bati esker Pachuk 4-3 aurreratu zuen talde berdea. Eta garaipena eta hiru puntuak Anaitasunan geratu ziren. 

Pozarren zeuden zaleak eta Miguel Hernandez entrenatzailea. “Oso pozik gaude, taldea garaipenaren xendara itzuli delako talde oso garrantzitsu baten kontra eta gu geu izanda. Gure jokatzeko modua hau da, mugimendu bertikala, behin eta berriz tematzearena eta iristearena” nabarmendu zuen entrenatzaileak. 

Hurrena, Valdepeñas
Jimbee Cartagena da liderra (13 puntu) eta Osasuna Magna Xota seigarren da (10 puntu). Urriaren 10ean, 20:30ean, Viña Albali Valdepeñas hartuko du talde berdeak, Anaitasunan.