Irurtzungo Udalak pasabide edo badoen ordenantza du

Guaixe 2025eko urriaren 13a

Autoak Berria kalean aparkatuta. ARTXIBOA

Heldu den urtearen hasierarekin batera indarrean sartuko da

Irurtzungo Udalak badoak, ibiak edo pasabideak arautzeko ordenantza onartu du. "Herriko hainbat eremutan arazoak zeuden. Jendeak bere ibilgailuak auzokoen bajerako atearen parean aparkatzen zuen. Hori eragozteko, bajeretako jabeek bere ibilgailuak kanpoan uzten zituzten eta aparkatzeko arazoak sortzen ziren", azaldu du Unai Razkin Iriarte alkateak. Horregatik udalak erabaki zuen ordenantza egitea. Hainbat herritako ordenantzak aztertu dituzte, esaterako, Bera edo Lesakakoak. "Nahiko ondo funtzionatu du herri horietan". Udalaren asmoa da ordenantzaren berri emateko herritarrekin bilkura bat egitea hilabete honetan. 

Behin ordenantza indarrean dela, bajeran pasabideko plaka jartzen duenak autoa barruan gorde beharko du, ezin izanen du kalean, bajera edo etxe aurrean utzi. Jakina, jabeek ezin badute badoa duen bajera parean aparkatu beste inork ere ez ezin izanen du han aparkatu. Alkateak argitu duenez, "ibia ez da ez aparkatzeko jarritako seinalea. Ibilgailua zure bajeratik ateratzeko edo sartzeko erreserba bat da, ibilgailua atera eta sartu ahal izateko pasabide baimena da".  

Ordenantza onartuta ere, Irurtzungo Udalak ez du traban dauden ibilgailuak kentzeko garabirik. "Ibilgailuren batek bajera parean aparkatzen badu, bajerako jabeak hots egin eta Foruzaingoak edo Guardia Civilak isuna jarriko diote ibilgailuaren jabeari". Orain arte agenteek ez zuten isunak jartzeko modurik, baina ordenantzak emanen die. Autoak bajeretan gorde beharko direnez, aparkatzeko espazio batzuk libre gelditu beharko lirateke.  

Energia komunitatea 
Irurtzungo liburutegiko teilatuan dauden plakak eraikina bera eta udaletxea argindarrez hornitzen ditu. Frontoiko eguzki plakek sortzen duten elektrizitatea kiroldegia, pilotalekua eta eskolarako da. Musika eskolakoak kultur etxea, Larrazpi gazte elkartea eta musika eskolarako argindarra sortzen du. "Eskola eta musika eskola udan gelditu egiten dira, eta, aldi berean, igerilekua zabaldu. Ditugun soberakinak igerilekuarekin nola lotu aztertzen ari gara", jakinarazi du Razkinek. 

Bestalde, udalak 2026an beste instalakuntza fotovoltaikoa jartzeko memoria prest du. "Kiroldegiko teilatua edo eskolako erabiltzea aztertzen ari gara. Hori energia komunitatearen baitako proiektu baterako litzateke. Baldintzak eta bestelakoak aztertzen ari gara orain. Herritar eta dendarien parte hartzea izatea gustatuko litzaiguke. Baina oraindik luze joko du". 

Igerilekuan egindako lanengatik, agorrilaren 15ean zabaldu ziren. Sasoia despedituta, taberna eta terrazarako sarbidea irisgarria izateko arranpa egiten edo igerilekuaren inguruko belardia txukuntzen hasi dira.