Areto futbola

Xotak bi puntu ihes egiten utzi zituen

Guaixe 2025eko urriaren 13a

Zorigaiztoko minutu batean bina berdindu zuen Valdepeñasek. XOTA

Valdepeñasen kontra 2-0 aurreratu ziren berdeak, baina zorigaiztoko minutu batean arerioek berdintzea lortu zuten. Hurrengo arerioa El Pozo izango da, Murtzian

Lehen mailako seigarren jardunaldian, Osasuna Magna Xotak Viña Albali Valdepeñas hartu zuen urriaren 10ean Anaitasunan. Talde berdeak hirugarren aldiz jarraian jokatzen zuen etxean, eta aurretik Noiaren kontra galdu eta Palma Futsali irabazita, Anaitasunak gotorleku izaten jarraitzen ote zuen ziurtatu nahi zuten zaleek. Eta ez galdu ezta irabazi: Valdepeñasen kontra berdindu egin zuen Xotak. 

Erritmo bizian hasi zen partida hasieratik, eta bi taldeek aukera apartak izan zituzten. Nor baino nor aritu ziren lehen zatian, eta atsedenaldira husnako berdinketarekin joan ziren bi taldeak. Talde irurtzundarra gogotsu atera zen bigarren zatian, eta lehen minutuan Ion Cerviñok 1-0 aurreratu zuen Osasuna Magna Xota, jaurtiketa ikusgarria eginda. Valdepeñas berdintzen saiatu zen, baina Asier Llamasek berdeen atea bikain zaldu zuen. Valdepeñasen seigarren faltaren ondoren, penalti bikoitzean Jhonathan Linharesek 2-0 ezarri zuen markagailuan. Partida despeditzeko 6 minuturen faltan 2-1 gerturatu zen Valdepeñas, eta segundo batzuk beranduago, ia konturatu gabe, bina berdindu zuten Valdepeñasekoek, Xotaren zoritxarrerako. Miguel Hernandezek Korsun atezain-jokalari jarri zuen, eta nahiz eta Pachuk eta Mendivek garaipenaren gola sartzeko zorian egon, ez zen zorterik egon eta binako berdinketarekin despeditu zen lehia. 

Lortutako puntuak ez zuen zapore gozoa izan. “Bi puntu ihes egiten utzi ditugu, hori da dugun sentsazioa. 2-0 jarri gara aurretik, eta zorigaiztoko minutu batean berdindu digute. Gero, zaila da buelta ematea. Taldea saiatu da, eta baina ikasi beharra dugu” nabarmendu zuen Miguel Hernandez entrenatzaileak. Azken hiru partidetan kontrako atezainek oso aurreratuta jokatu dute, erasoan, eta horrek berdeen jokoa baldintzatu du. “Hori lantzen eta analizatzen jarraituko dugu”.

Hurrena, Murtzian
Lehen mailako lider berria Barça da (16 puntu). Oasuna Magna Xota seigarren da (11 puntu). Zazpigarren jardunaldian El Pozo Murcia Costa Cálida izango du aurkari Irurtzungo taldeak, urriaren 25ean, 18:00etan, Murtzian.