San Martin kaleko bidegurutzetik saihesbideko borobilerainoko zatia, 450 metro inguru, Lizarra kalea Irurtzungo udalarena izatera pasa zen garagartzaroan. Hau da, gobernuarena zen NA-7010 errepidea udalaren Lizarra kalea izatera pasa zen. Udalak gobernuaren zesioa onartu zuen eta bere jabetza berria erregistratu zuen. Kale jabetza hori izanda, Irurtzungo Udalak herriko erdigunearen ordenazioa egin nahi du. Unai Razkin Iriarte alkateak azaldu duenez, "parte hartze prozesuaren fase bat egin zen aurreko legegintzaldi akaberan. Enpresa baten bidez dendarien eta elkarteetako kideen behar eta iritziak jaso ziren. Kalearen jabetza eskuratuta, parte hartze prozesuaren bigarren fasea egin eginen dugu azaroan, bizilagunen iritzia jasotzeko". Enpresa batek eginen du hori ere. Ondoren udalak erabakiko du nolakoa izanen den birmoldaketa, 2026an eginen dena.
Alkateak jakinarazi duenez, “Lizarra kalearekin batera, Biahizpe kalea udalaren esku pasatzera eskatu genuen. Hala, herria eta Akaborro industrialdea bereizten duen kalea errepidea pasako litzateke. Ezezkoa eman ziguten Matxainen parean dagoen bidegurutzeak ez dituelako errepidea izateko baldintzak betetzen, kamioiek beste norabideko erreia hartzen dutelako”. Horren jakitun izanda, Irurtzungo Udalak Nafarroako Gobernuari han borobil bat egiteko eskatu zion. “Gobernuak proiektua egin du, eta Foru Agindu bidez onartu du. 1,2 milioi euroko aurrekontua du lanak. Baina finantzazio faltagatik lanei datarik ez diote jarri”, argitu du Razkinek. Gaineratu duenez, “gu hori mugitzen saiatuko gara, mugikortasun planerako Biahizpe kalea udalarena izatea garrantzitsua da. Hor aparkatzeko arazo asko dago. Kale bat balitz, aukera gehiago dituzu, esaterako, norabide bakarra izatea azter daiteke. Baina oraintxe bertan ezin dugu ezer egin kalea gurea ez delako”.
Kaleen jabetzarekin jarraituz, Razkinek jakinarazi duenez, “beste bide alternatiborik ez dagoenez, udalak ezin du San Martin kalea beretako eskatu”.
Udal eraikinak
Udako geldialdia baliatuta, Atakondoa eskola publikoan hainbat lan egin ditu udalak. Batetik, ikastetxe publikoko isolamendu termikoa hobetzeko paretetan papera sartu zen eta hainbat paretetako baldosak lasatu ziren. Aurreko urteetan hasitako lanari jarraituz, komunak diren tokietako paretak konpontzeaz bukatu du aurten udalak. Berritu direnak dira aldagelak, jantokia, atezaintzaren gela eta hainbat gela.

Irurtzungo Udalak musika eskolako teilatuan eguzki plakak jarri zituen joan zen urtean. Musika eskolak udan etena zuenez, han sortutako argindarra igerilekuetara bideratzea pentsatu zuen udalak hasiera batean. Baina ez dute halakorik egin. Alkateak jakinarazi duenez, “Ez dugu kontsumoa partekatu. Espedientearen tramitazioa luzea delako. Eta gure aholkulari teknikoak azaldu zigunez, gelditzen den soberakin txiki horrek horretarako ez duela merezi. Diru-zorro birtual baten bidez argindarra diruagatik trukatzen dugu”. Beraz, aipatu eguzki plaka instalazioak musika eskola, kultur etxea eta Larrazpi gazte elkartea argindarrez hornitzen ditu.
Nafarroako Gobernuaren Tokiko Inbertsioen Planera Irurtzungo Udalak aurkeztutako lanen artean daude igerilekuak egokitzeko lanen bigarren fasea. Dirulaguntza jasoz gero, beheko bi igerilekuak legedira egokitzeko lanak udalak 2027an egin nahi lituzke.
Beste hainbat
Nafarroako Gobernuak egindako azterketaren arabera Irurtzunen udan suteak izateko arrisku handia dago. Hori dela eta udalak Baso-suteen arriskuari aurre egiteko plana egin behar izan zuen, gerora foru administrazioak homologatu zituenak. Razkinek jakinarazi duenez, “planak zehazten zuen garbiketa lan batzuk egiten hasi gara aurten, heldu den urtean segida izanen dutenak”.
Aurki hasiko direnak, berriz, garbiguneko lanak izanen dira, Sakana ekialdeari zerbitzua emanen diona. Horretarako udalak hirigintza planean aldaketa egitea onartu zuen irailean. Orain lankidetza hitzarmena sinatu dute Irurtzungo Udalak eta Sakanako Mankomunitateak. “Garbigunea behar zela uste dugu. Herritarrek eskatzen zuten zerbitzu bat zen gainera”.
Erosketak ere eginen ditu Irurtzungo Udalak. Alde batetik, furgoneta baten erosketarako 20.000 euro izanen ditu. Bestetik, kirol instalazioetarako garbiketa makina bat erosteko 2.500 euro bideratuko ditu. Eta kopuru bera bideratuko du espaloiak garbitzeko makina bat erosteko. Hiru erosketak diruzaintzako gerakineko diruarekin ordainduko ditu udalak.
Azkenik, hainbat irurtzundarrek Berroz parajean udalaren 31 ekobaratza lantzen ari dira 2023ko garilaz geroztik. Baina irurtzundar haietako batzuk baratzaren kudeaketa utzi zuten. Hori ikusita landu gabe zeuden baratzei erabilera emateko asmoz, udalak deialdia egin zuen. Haren helburua zen itxarote zerrenda sortzea momentuan zeuden eta etorkizunean izan zitezkeen bajak betetzeko. Izen emate epea despedituta, hiru irurtzundarrek baratzak erabiltzeko aukera jaso dute. Gainontzeko baratzeei esleipen epea bukatzean bukatuko zaie hiru horiei ere.