Astebeteko geldialdiaren ondoren lehen mailako areto futboleko ligak zazpigarren jardunaldia izan zuen jokoan. Osasuna Magna Xotak Murtziako bidea hartu zuen El Pozo Murcia Costa Calida liderraren kontra jokatzeko. Talde berdea esku hutsik itzuli zen, 3-0 galduta.
Lehen zatian bi taldeak parez pare aritu ziren. El Pozo erasora atera zen hasieratik, baina Xotak ongi defendatu zuen eta Asier Llamas atezainak Osasuna Magnaren atea bikain zaindu zuen. Hala ere, El Pozoren jaurtiketa batek atea zulatu zuen eta 1-0 aurreratu ziren. Xotako Korsun eta Josu Mendive saiatu ziren, baina ezin.
Bigarren zatian Dani Saldisek urrezko aukera izan zuen, baina jaurtiketak zurtoinean jo zuen. Zoritxarrez, Gadeiak El Pozoren bigarren gola sartu zuen segidan. Jhonatan Linharesek beste aukera paregabe bat izan zuen, El Pozoren atezainarekin aurrez aurreko jokalarian, baina ez zuen aukera aprobetxatu. Aldiz, Ricardinhok El Pozoren hirugarrena lortu zuen, jaurtiketa indartsu bati esker. Miguel Hernandezek atezain-jokalaria jarri zuen eta behin eta berriz saiatu ziren nafarrak, baina ezin izan zuten markagailua irauli eta 3-0 galduta itzuli ziren Murtziatik.
El Pozoren kontrako porrotak zapore garratza utzi zion Osasuna Magna Xotako entrenatzaile Miguel Hernandezi. “Partida gogorra izan da, bagenekielako nolako pistara gentozen. Lehen zatian taldeak partidari heldu dio, eta bigarrenean borondatez jokatu du, baina izan ditugun aukerak ez ditugu probestu. Eta bagenekien hemen aukerak zenbatuak zirela, eta aprobetxatu behar genituela. Nahi izan baina ezin izan, hori izan da partida”.
Atsedena
El Pozo Murciak jarraitzen du lider (18 puntu), eta Osasuna Magna Xota seigarren postuan dago (11 puntu). Zortzigarren jardunaldiko partidak aurretik jokatu zuten Osasuna Magnak eta Illes Balears taldeak, talde irurtzundarraren garaipenarekin (4-3). Beraz, asteburuan talde berdeak ez du ligako partidarik jokatuko.