Irurtzungo Gazte Txokoa 12 eta 15 urte bitarteko (6º mailatik D.B.H-ko 4ºmaila arte) gazteendako ateak zabalik izanen ditu azaroaren 14tik aurrera: ostiraletan 17:00etatik 22:00etara eta larunbatetan 17:00etatik 22:00etara. Gaztetxokoan aisialdi eta denbora libreaz gozatzeko aukera izanen dute. Han sartu ahal izateko bazkide egin behar dira gazteak eta horretarako epea azaroaren 13ra arte dago zabalik. Izen ematea udaletxean egin behar da eta 20 euro ordaindu beharko dira. Egoera zaurgarrian dauden familiak hobari bat izan dezakete zerbitzua ordaintzerakoan. Hori egiaztatzeko, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren txostena beharko dute.
Udal arduradunek azaldu dutenez, "Gazte Txokoaren helburuak dira aisialdi osasuntsu bat sustatzeaz aparte, nerabezaroan eman daitezkeen hainbat arrisku prebenitzea eta detektatzea". Gaineratu dutenez, "gazteen elkargune da, eta horregatik oso ongi baloratuko zerbitzua. Aldi berean, ezinbesteko gunea da gazteen beharrei modu egokian erantzuteko".
Gazte egoitzan bi hezitzailek lan egiten dute, haien funtzioa gazteak laguntzea eta gidatzea da. Horrekin batera, egingo diren ekintzak dinamizatuko dituzte taldearen erabakiak, beharrak eta motibazioak kontutan hartuta.
Irurtzungo Udalak zerbitzu hori eskaintzea ezinbesteko jotzen du. Horregatik, Gazte Txokoaren finantziazioaren %75 bere gain hartzen du. Gazte Txokoari buruzko informazio gehiago nahi duenak udaletxera (948 500 051) edo Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatera (948 600 694) hots egin dezake.