Euskara ikastea inorrendako inolako gastua ez izateko asmoz, Irurtzungo Udalak euskara ikasten egon diren herritarrenako dirulaguntza deialdia egin du. Hartarako eskubidea izanen dute 16 urtetik gorako irurtzundarrek, beti ere, herrian erroldatuta badaude. Irurtzungo Udalak edozein motako euskara ikastarotan egon direnei lagunduko die: estentsiboak, trinkoak, barnetegiak, autoikaskuntza... Jakinarazi duenez, udako euskarazko unibertsitate ikastaroak ere diruz lagunduko dira.
Eskabidea aurkeztu nahi duenak udaletxean aurkezteko azaroaren 10era arte du. Eskabidearekin batera honako agiriak aurkeztu beharko dira: nortasun agiriaren kopia; ikastaroa antolatzen duen erakundeak izenpeturiko dokumentua, non hari buruzko baldintzak azaldu behar diren: iraupen datak, maila, ordu kopurua eta ikastaroaren kostua; matrikularen ordainagiria; banku-libretako lehen orriaren fotokopia eta euskaltegiak egindako asistentzia agiria. Langabeek Gizarte Segurantzak emandako lan bizitzaren agiria aurkez dezakete.